"Ilusioz" ekingo diote inoizko Arabako Bertsolari Txapelketarik luzeenari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko otsailaren 7a

Zapatuan aurkeztu zuten 2011ko Arabako Bertsolari Txapelketa, Gasteizko Amaia zentroan. Inoiz egin den txapelketarik luzeena izango da: bost kanporaketa, hiru finalurreko eta final handia –Gasteizko Printzipal antzokian, apirilaren 2an–. 30 bertsolarik hartuko dute parte –horietatik lau dira aramaioarrak: Manex Agirre, Andere Arrilabengoa, Xabi Igoa eta Iker Agirre–, epaile taldeko zazpi epaileak arabarrak dira eta gai-jartzaile taldea sendotu egin da, zortzi kiderekin. Hau horrela, antolatzaileek "ilusioz" ekingo diote 2011ko txapelketari: lehen kanporaketa zapatuan izango da, hilak 12, Laudion.

Aste bukaera esanguratsua izan da Arabako bertsolaritzarendako. 2011ko txapelketa aurkeztu dute eta zapatuan Gasteizko Armentia sagardotegian egin zuten Txanpinoien Saioa. Asier Lafuente Arabako Bertsozale elkarteko prentsa arduradunak horrela azaldu zuen Aramaioko taldearen eta txapelketako bakarkako irabazleen arteko desafio hura: "Guztiak irabazle, giro onean joan zen lagun arteko desafioan".

Txapelketari dagokionez, Gasteizen aurkeztu zuten 2011ko edizioa. Prentsaurrekoaren ostean, talde argazkia atera zuten aurten protagonistak izango diren bertsolari eta gai-jartzaileetako batzuk. Horra kanporaketen egutegia:

•    Aurkezpena
Otsailak 5, larunbata, GASTEIZ, Amaia Zentroan, 10:00etan

•    Kanporaketak:
Otsailak 12, larunbata, LAUDIO, Basalarrina Elkartean, 20:30ean
Otsailak 18, ostirala, OION, Azkenak Elkartean, 20:30ean
Otsailak 19, larunbata, ILARDUIA, Herriko Elkartean, 20:30ean
Otsailak 25, ostirala, ATAURI, Antzinako Eskoletan, 20:30ean
Otsailak 26, larunbata, ELOSU, Txoko Handian, 20:30ean

•    Finalerdiak:
Martxoak 12, Igandea, ZIGOITIA, Zigoitiko Kultur Zentroan, 17:30ean
Martxoak 19, Larunbata, ARAMAIO, Kultur Etxean, , 17:30ean
Martxoak 20, Igandea, AGURAIN, Harresi Aretoan, 17:30ean

•    Finala:
Apirilak 2, larunbata GASTEIZ, Printzipal Antzerkian, 17:30ean

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak