Bide mozketarengatik kalte-ordainen eskaera nola egin azalduko du Udalak otsailaren 7an

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko otsailaren 4a

Aramaio eta Arrasate arteko bide mozketak eragindako kalteen ordaina eskatzeko errekerimendua aurkeztuko du Udalak, eta horretarako prentsaurrekoa deitu du astelehenean, otsailak 7, pleno aretoan (11:00).

Bide mozketa dela-eta kalte-ordainak eskatzea urtarrilaren 26ko osoko bilkuran adostu zuen Udalak  aho batez. Beraz, erantzukizuna eskatuko zaio Arabako Foru Aldundiari, Adif eta “UTE Aramaio-Arrasate”ri. Kalte-ordainak bi esparrutan eskatuko zaizkie: Udalari eragindako kalteak eta herritarrei eragindakoak. Herritarrei eragindako kalteak zeintzuk izan diren jasotzeko bulego bat zabaltzeko asmoa du Udalak. Bulego horren berri emateko eta kalte-ordainak nola neurtu diren informatzeko deitu du Udalak prentsaurrekoa.

Urteurrena gogoratzeko eskela

Esandako moduan urtebete bete da dagoeneko AHTko lanek Arrasate eta Aramaio arteko A-2620 errepidea moztu zutela. Bada, herritar talde batek, protesta modura, eskela bat atera du eurendako zorigaiztokoa izan den urteurrena gogoratzeko. Honakoa da eskelan irakur daitekeena: “Aramaion zendu zen, Abiadura Handiko Trenak eraginda, 2010eko urtarrilaren 30ean, ADIF, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiaren bedeinkapena jaso ondoren. Urteurreneko ospakizuna ez da egingo, bestela be nahikoa sufritu dugu eta! Helbidea norbaitek ez badaki, galdetu dezala Kuatrobientos baserriagatik. Hilbeila Aramaioko udaletxean kokatu da eta familiak, oraingoan bai, jasoko lituzke bisitak”.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak