Nola iritsi zinen Aramaioko alkate izatera?
Orduan gobernadoreak izendatzen zituen alkateak. Baina ni ez ninduen gobernadoreak izendatu, Manuel Lejarreta diputatu orokorrak baizik. Prozesua luzea izan zen. Aldundiko nekazaritza arloan egiten nuen lan eta ezaguna nintzen. 1972ko martxoan-edo Gobernu Zibilera joateko deia jaso nuen. Etorri berri zen gobernadore gazte bat aurkeztu zidaten eta berbetan egon ostean Aramaioko alkate izendatu ninduen. Nik ezetz, ez nuela ezer ez jakin nahi: "Ez zaitut nik izendatu, diputatu orokorra izan da. Eta ezin zaitut kargutik kendu, nire aurrekoak izendatu zaituelako", erantzun zidan.
Diputazioan nire burua zenarengana jo nuen eta Lejarretarengana nindoala esan nion. Jakinaren gainean zegoen eta ez joateko esan zidan: alkatea banintz nekazaritzako arloan askatasun osoa izango nuela. Eta horrela, zeharka, hartu nuen Aramaioko alkatetza.
Hasiera ez zen erraza izan, ezta?
Zorte handia izan nuen Aldundiaren laguntza jaso nuelako. Erabateko lehentasuna eta askatasuna nuen, esaterako, diputatu orokorrarekin biltzeko.
Adibide bat: alkate izendatu eta astebetera-edo, gutun bat heldu zen udaletxera aurreko alkateak eskatutako Arrasaterako errepidea zabaltzeko proiektuarendako dirurik ez zegoela esanez. Bada, nik Lejarretari esan nion proiektu horrek aurrera egiten ez bazuen dimisioa aurkeztuko nuela: Lejarretak hala aginduta, egun gutxira hasi ziren obrak. Izan ere, errepidea oso txarto zegoen eta beharrezkoa zen errepidea zabaltzea. Oso obra garestia zen; gogoratzen naiz aurrekontua orduko 60 milioi pezetakoa zela. Alkate izan nintzen urteetako obra garrantzitsuena izan zen; 1975ean zabaldu genuen.
Obra horrez gain, ikastolaren irekiera izan zen nire garaiko beste proiektu handi bat. San Martin eskola nazionalena zen orduan, baina guk ikastola berria egokitu genuen. Izan ere, errepidearen obraren ostean, herritarrek bazekiten harreman onak nituela Diputazioan –omenaldia egin zidaten Aldundian, proiektu gehien aurkeztu zituen alkatea izan nintzelako–. Hala, abadea etorri zitzaidan ikasgela batzuk egokitzeko eskatuz. Orduan abadeak haur txikiei euskara irakasten zien. Aldundian ez nuen inongo eragozpenik izan Udalarenak ziren lokalen egokitzea eurek ordain zezaten.
Zertan dira ezberdinak orduko eta egungo politikagintza?
Ni independente moduan aritu nintzen. Orduan alderdi politiko batekoa izatea ez zegoen horren errotuta. Horretan ezberdina zen orduko politikagintza. Bestalde, orduko politikariak gogorragoak ziren herriarekin eta herritarrek ez zuten gehiegi parte hartzen Udalen erabakietan. Nik hala gogoratzen dut behintzat.
Hori bai, euskal munduarekin egin nuen bat: Bergarako alkateen mugimendua eta Ikurrinaren legeztatzea bertatik bertara jarraitu nituen. 1977ko urtarrilaren 17an legeztatu zuten; bada, hilaren 19an eskegi nuen Ikurrina Aramaioko udaletxean.
Nola gogoratzen dituzu pertsonalki alkatetzan egindako urteak?
Gustura aritu nintzen, oro har. Errealdiak izan nituen, noski.Birritan aurkeztu nion dimisioa gobernadoreari: ez nuen erantzunik jaso, ez ginen ondo eramaten. Beraz, eta errealdiak errealdi, aurrera egin behar...