Esandako moduan, plenoan protagonista izan den txostenak Udalari eta herritarrendako kalte-ordainak jasotzen ditu, besteak beste. Asier Agirre alkatearen arabera, kalteak "handiak" dira; Udalarendako eta, noski, herritarrendako. Txostenean jasotzen diren eskaera-zerrenda luzea da: kilometro estrak, taberna eta dendei egindako kalteak, artzain-esnearen garestitzea... Lehenengoari dagokionez, esaterako, herritarrek errepidearen desbideratzeagatik egin behar izan duten kilometro estra bakoitzeko euro bat ordaintzea eskatzen du Udalak. Kontuan izan behar da lurjausia eman zen puntutik Ibarra auzora 8,20 kilometro egin behar izan dutela; betiko A-2620 errepidetik 2,65 kilometro zeuden. EAJko Jose Mari Vilches ados zegoen txostenarekin, baina zalantzan jarri du kilometro bakoitza euro baten ordaintzea lortuko dutela.
Azkenik, oraindik ez dute zehaztu nola egingo duten baina asmoa da herritarrek jasandako kalteak jasotzeko eredu batzuk sortu eta bulego antzeko bat egokitzea. Bulego horretan kalteak baloratzen dakiten aditu batzuk egotea begi onez ikusten du udal gobernuak.Horretarako, "oso garrantzitsua" ikusten du udalbatzak Maribi Joaristi juristak egindak txostena herritarren artean zabaltzea.