Urtebete luze honetan Udalak eta herritarrek jasan dituzten kalteak neurtzeko txosten bat aurkeztea eskatu zion Udalak aditu bati. Kalteak "handiak" dira, Udalarendako eta, noski, herritarrendako. Txostenean jasotzen diren eskaera zerrenda luzea da: eskaeron artean Aramaioko Udalak herritarrek errepidearen desbidaratzeagatik egin behar izan duten kilometro estra bakoitza euro bat ordaintzea eskatzen dute. Kontuan izan behar da lurjausia izan zen puntutik Ibarra auzora 8,20 kilometro egin behar izan dutela urtebete luze honetan; lehengo errepidetik 2,65 kilometro zeuden.
Asier Agirre alkatearen arabera, bi erantzule ditu bidearen auziak: ADIF eta Arabako Diputazioa. Diputazioari "arduragabekeriaz" jokatu izana leporatzen dio Agirrek: "Politikariak ahaztu egin dira aramaioarrekin; detaile bat: errepidea itxi eta zazpi hilabetetara, irailean, agertu ziren politikariak. Eta agertu ziren uztailean sekulakoak esan genituelako Diputazioan, bestela ez ziren agertuko". Iñaki Nafarrate, Arabako toki administrazioko eta lurralde orekarako foru diputatua eta Aramaiko alkate izandakoak, bestalde, dio ADIF erakundearena dela erantzunkizuna: "Ez dago eskubiderik 1.500 laguneko herri bat eta bertara joan-etorria egin behar dutenak urtebetez egoera horretan edukitzeko. Madriletik egiten diren lanak dira eta haien premiak ez dira Aramaio behar moduan komunikatuta edukitzea, baizik eta lastertasun handiko trenbidea egitea". Obrak noiz amaiituko diren galdetuta, honakoa dio Nafarratek: "Aldundian, errepideetako diputatuari galdetzen diot astero, baina, azkenaldian data asko darabilgu mahaiaren gainean. Abendu amaierarako esan zuten lehenengo; urtarril amaierarako gero, eta orain otsailerako gertu egongo dela esaten dabiltza. Madrileko agintariak ez dira batere sentiberak hemengo obrekiko".
Kontuak kontu, gaur osoko bilkuran sortutako kalteen erantzunkizun eskaera onartzea proposatuko du udalbatzak. Onartuko balitz, auzitegietara joko du Udalak zerbitzu publikoaren funtzionamendu eskasa dela-eta, erantzunkizun eske.