"Euskalakariok, hau da aurtengo Arabako sagardo berria"

Goiatz Arana Begiristain 2011ko urtarrilaren 21a

Korrika 2011ko arduradun Edurne Brouardek esandako hitz horiekin ireki zuten atzo, eguena, Arabako sagardo denboraldia. Aramaioko Iturrieta sagardotegian izan zen ekitaldia eta, aurtengo gonbidatu berezia Korrika izanik, Brouardekin batera, AEK-ko arduradun nagusi Mertxe Mujikak izan zuen kupelak zabaltzeko ohorea. Andere Arriolabengoak eta Manex Agirrek bertsotan egin zuten eta txalaparta eta trikiti doinuek borobildu zuten ekitaldia. Jende dezente batu zen.

Sagardotegiko ugazaba Juanjo Peciñaren esanetan, uzta ona da aurtengoa: "Sagardoak heldutasun maila ona harrapatu du, garratz puntu bat badauka eta kolore nahiko argia. Usaintsua da eta, zaporeari dagokionez, lehor puntu bat badu, baina upelen arabera, beti ere. Kontserbatzeko aproposa da".

Iturrietan 9.500 litro sagardo egin dituzte; Aramaion, 125.000 kilo sagar erabili dituzte –asko zukua ateratzeko–; eta Araban, 250.000 kilotara ailegatzen da erabilitako sagar kopurua.

San Sebastian eguneko danbor hotsekin denboraldia irekita, zabalik daude Iturrietako ateak Aramaion.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak