Sindikalismoan ibilbide luzea duzu. Zein balorazio egiten duzu urte horiez guztiez? Eta, nola ikusten duzu azken urteetan baserriak izan duen bilakaera?
1993an sartu nintzen EHNEn. Plano pertsonalean esanda, oso urte aberasgarriak izan dira hainbat planotan: formazio aldetik, jendea ezagutzerako orduan, sektorearen alde onak eta txarrak ezagutzen...denetarik. Kolektiboki, bestalde, nahiko bilakaera eskasa izan du sektoreak, oro har. Abandonatze-prozesu bat bizi izan du gure nekazaritzak.
Baserriaren etorkizuna beltza da, beraz...
Nik ez dut hala ikusten. Nire aukera da, eta gaztea naiz, gainera. Baserriak etorkizuna duela uste dudalako aukeratu dut bizimodu hau. Oso baikorra naiz gure baserrien etorkizunaren gainean; hori bai, etorkizun horrek eskema berriak behar ditu. Politika berriak behar dira, baina ez Europatik, euskal gobernutik edo diputazioetatik bakarrik: administrazio lokalek asko dute egiteko.
Baserriak egun bizi duen egoera ilunaren errua gurea da neurri handi baten. Baserritarrona, hasteko, eta baita Udalarena eta gainontzeko administrazioena. Adibideak badaude mendi-nekazaritza posible dela frogatzen dutenak: Suitza, Italia eta Austria dira horren adibide. Nekazaritza egiteko eredu ezberdinak dituzte.
Zein sektore uste duzu dela Aramaion ustiatu behar dena?
Gero eta argiago daukat Aramaio moduko eremuetan behi-esnean dagoela etorkizuna; mendi inguruetan landa garapenerako agente garrantzitsuena da behi-esnea. Baina sektore horren gainean egin diren politikak guztiz kontrakoak izan dira.
Gainera, Aramaion ardi gazta ere badugu. Beraz, hemen aukerak baditugu.
Eta aukera horiek aprobetxatzeko moduan ikusten al duzu Udala?
Aramaion azken urteetan jabetu dira baserriak eta nekazaritzak duten garrantziaz eta Aramaio gaur den moduan izaten jarraitzeko baserriak ezinbestekoak direla. Aramaioko ekonomia eta ekosistema baserri barik mantentzea sekulako dirutza litzake eta horretaz jabetu behar gara. Administrazioak argi jokatzen badu ikusiko du errentagarriena dela Suitza, Italia eta Austriako ereduak aintzat hartzea: hau da, lehentasuna izatea bertako nekazaritza mantentzea, inguru horretako sektore garrantzitsu moduan.
Udalaren aldetik pentsaera aldaketa bat ikusten dut eta hori txalotzekoa da. Hor dago Aramaio Baserri Berri ekimena, esaterako. Beste ekimen batzuk ere badaude eta oraindik ere gauza handirik gauzatu ez den arren, itxaropen handiak ditut.
Egun gutxi barru urtebete beteko da lurjausi batek Aramaiorako bidea moztu zuenetik. Urte luzea, ezta?
Guri ez digu kalte larregi eragin, gu limitauan gaude: Aramaioko kaletik [Ibarra auzotik] 18 kilometrotara eta Otxandioko plazatik 500 metrotara. Baina ez dago zalantzarik aramaioarrendako kalte handia izan dela. Adibide bat jarriko dizut: 2009an sortu zen Aramaioko artzainek esnea elkarrekin banatzeko proiektua. Orduan kamioia pasatzen zen Aramaio artzainen esnea hartzeko, baina bidea moztu zenetik ez etortzeko erabakia hartu zuen. 2010ean artzain aramaioarrak Legutiora eraman dute esnea, esfortzu handia eginez. Bada, esfortzu hori barik horrenbeste kostatako ekimena bertan behera geratuko litzateke.
AHTko lanek zenbateraino eragin dute bertako nekazaritzan? Eta aramaioarren artean?
Zauri handi bat da Aramaioko nekazaritzaren bihotzean. Eta ez hori bakarrik: maila guztietako inpaktuak eragin ditu, baserritar zein aramaioar guztiendako.