Korrikako ordezkariekin batera, baina, herritarrak ere izango dituzte inguruan: “Bereziki gonbidatuko ditugu Aramaioko lagunak, gurekin konpartitzeko momentu berezi hau. Haiekin gaude sagarrekin lotuta dugun proiektuan (ASSE, (Arabako Sagar eta Sagardogileen Elkartea)… eurekin nahi dugu konpartitu”, dio Peciñak.
Arabako sagardoa
Izan ere, gaurko txotx ekitaldian ez dute bakarrik Aramaioko sagardoa aurkeztu gura, Arabako sagardoa baizik, Arabako Sagarzaleen Elkartearen izenean (ASSE). Hala, Koldo Markinez, (Trebiñu sagardoa) eta Koldo Borobia (Borobia sagardo ekologikoa, Ozaeta) sagardogileek ere parte hartuko dute gaurko irekiera ekitaldian.
Sagar propioa gura
"Arabako sagarrak ekarri nahi izaten ditugu zukua egiteko. Aurten gehienak Arabatik ekarri ditugu, Lautadatik eta Trebiñutik; hala ere, kilo batzuk ekarri ditugu Debagoienetik: Zabaleta, Bergara… Baina guk nahi duguna da Arabako sagar propioa atera. Pentsatu dugu egitea Sagardo Eguna Gasteizen, hasteko erakusten Arabako sagardo desberdinak. Data zehaztu barik dago, baina seguru aski ekain-irailean izango da", adierazi du Peciñak.
"Ahalegin berezia egiten gabiltza, batez ere geratzen diren aspaldiko sagarrondo horiek berreskuratzeko", gaineratu du Koldo Borobiak.
Eta lortzen dabiltzan emaitza ona dela kontatu du Koldo Markinezek, “sagardo indartsua dugu, txuletoiarekin jateko ezin hobea. Etor dadila jendea eta dasta dezala".