Enrique Ullibarriarana: "Sekula ez nuen usteko Aramaio moduko herri baten politikak horrenbeste aginduko zuenik"

Xabier Urtzelai 2011ko urtarrilaren 12a

Orain galdetuta ere, Enrique Ullibarriaranak (Aramaio, 1961) ez du batere argi zergatik aurkeztu zen alkategai, ez du galdera horrendako erantzunik.

Baina ez hori bakarrik, EAren aldeko hautua zergatik egin zuen ere ez du oso garbi: "Nik politika ez dut horren gertutik bizi, eta orduan ere ez nengoen definituta. Baina sasoi hartan, herriko kirolean nirekin batera eta bestera ibiltzen zen Julian Etxabek konbentzitu ninduen, eta halaxe aurkeztu nintzen, herriaren alde lan egiteko asmoz. Sekula ez nuen usteko Aramaio moduko herri baten politikak horrenbeste aginduko zuenik, eta hor hartu nuen lehenengo kolpea".

Alkategai aurkeztu, eta babes galanta izan zenuen.
Neurri handian horregatik ez nuen alkate kargua bertan behera utzi, jende askoren babesa izan genuelako eta hor ezin genuelako kalerik egin; izan ere, lehenengo hilabeteak gogorrak izan ziren niretzako. EAJ eta EA banandu, eta udal hauteskunde haietan bost zinegotzi lortu genituen guk (EA), eta bina zinegotzi EAJk eta HBk.
Herriaren alde lan egiteko asmoz hasi ginen gu, baina han politika egin behar zen, bestela ez zegoen aurrera egiteko modurik. Osoko bilkuretan lagunak nituen ondoan, baina han haserretu egiten ginen. 

Zuen agintaldian burututako ze lan duzu gogoan?
Gogoan dut garai hartan udaletxean lan egiten zuten hainbat lagun modu irregularrean zebiltzala: aguazila, garbiketak egiten zituzten emakumeak... Hala, idazkaria zen kontratatuta zegoen bakarra, niri izugarri lagundu zidan Maritere Irasuegi –50 urte egin zituen udaletxean lanean–. Bada, langile horiek ezin zuten modu horretan lanean jarraitu, eta herri mailan enpresa bat sortu genuen lan horiek guztiak kudeatzeko. Ez dakit ondo ala txarto egin genuen, baina egin beharreko gauzetako bat zen hori.

Urbanizazio lanak ere parean izan zenituzten.
Bai; aurreko agintaldikoek lehenengo faseari heldu zioten, plaza inguruan saneamendu lanak egin zituzten, eta guri bigarren fasea tokatu zitzaigun, herriaren goiko aldekoa. Gogoan dut Goiko tabernako jabeak magnoliak nahi zituela taberna aurrean, eta hirigintzakoa ez zetorren ideia horrekin bat; oraindik ere hor daude magnoliak. [Barre]

Eta, sasoi hartako ika-mikaren bat izango duzu gogoan.
Udaletxean lanetan zebiltzan gure agintaldia hasi genuenean, eta osoko bilkurak-eta beste etxe baten egiten genituen. Hala, guri tokatu zitzaigun udaletxe berria inauguratzea, eta gure zalantza zen inaugurazio ekitaldira Arabako diputatua gonbidatzea ala ez gonbidatzea. Eta gonbidatu arren ez genekien etorriko zen ala ez. Bada, sasoi hartan PSEE-EEko Fernando Buesa zen diputatua, eta HBkoak haserretu egin ziren inaugurazio ekitaldira gonbidatu genuelako. Gonbidatu bakarrik ez, etorri ere egin zen. [Barre]

Agintaldi bakarra egin zenuen.
Bai, hasieratik garbi ikusi nuen hori. Eta ondoren ez dut politikarekin harreman handirik izan. Alde horretatik, baina, EAkoei eskertu egin behar diet erabakiak hartzeko izan nuen askatasuna. Alderdiko inork ez zuen inoiz inposiziorik egin.

Zelan ikusten dituzu gaur egun Udalean agintzen dabiltzan ordezkariak?
Alkatea izan ostean gauza bat ikasi nuen, postu horretan dagoenak hartzen dituen erabakiak kritikatu aurretik hausnarketa egitea. Izan ere, hor dagoenak intentzio onenarekin hartzen ditu erabakiok, nahiz eta batzuetan denon gustukoak ez izan. Ez da erraza herriko alkate izatea, 24 orduz zarelako alkate.
Orain daudenak lanerako gogo handiz sartu ziren, eta herrian igarri egin zen hori. Akaso, denborarekin denok lasaitu egiten gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak