Arrasateko kooperatibatik esan digutenez, Aramaion harrera oso ona izan du Pedro Ignacio Barrutia kalean jarritako edukiontziak: " Sistema edo zerbitzu honen gakoa Eko3r-k duen ontzi berezia da. 1.000 pote inguru banatu genituen Aramaion, herritar guztiengana helduz, eta makinara eraman besterik ez daukate. Sistema garbia, praktikoa eta erosoa da". Udalak bere garaian banatutako pote berdeak erabili behar dira. Bilketa astean behin egiten dute Aramaion.
Betiere, sukaldeko olioa da edukiontzian jasotzen dutena eta olio berorik ez isurtzea eskatzen dute. Era berean, poteko tapa ondo ixtea ezinbestekoa da. Birziklatutako olioa biodiesela egiteko bideratzen dute gaur; bien bitartean, Eko3r beste irteera posible batzuk ikertzen ari da.
Adin guztietako erabiltzaileak
Erabiltzaileei dagokienez, adin guztietakoak direla azpimarratzen dute Eko3r-ko arduradunek; "Gaztetxoek askotan bultzatzaile lana egiten dute, gurasoak eta aitaita-amamak birziklatzera animatuz. Oraindik ere, beharbada, emakumeak gehiago sentsibilizatuta daude gai honekin, baina denborarekin herritar guztiengana heltzea da helburua. Sistema probatu dutenek, gazte zein adinekoek, praktikotasuna azpimarratu dute. Erabiltzeko erraza eta garbia denez, gehienek gustuko dutela frogatu ahal izan dugu". Herritarrak kontzientziatzea eta informatzea da helburuetako bat. Olioa birziklatuta, besteak beste, ura kutsatzen duen hondakinaren deuseztapena eta araztutako uraren berrerabilpena lortzen da.
Gaur egun Arrasaten eta Aramaion daude olioa batzeko edukiontziak, eta urte berriaren hasieran Debagoieneko gainerako herrietan jarriko dituztela aurreratu dute.