Jon Andoni Axpe Trikikalejirako ordezkariak emandako informazioaren arabera, Trikitilari Egunak 12.000 euro inguruko aurrekontua izango du eta erakundeengana joko dute dirulaguntza eske. Aurten Soraluzen ospatu da Debagoieneko Trikitilari Eguna eta orduan 600 bat lagun batu ziren herri bazkarian. Aramaion beste horrenbeste batzea da asmoa. Herri bazkaria frontoian egingo dute maiatzaren 7an. Batzorde ezberdinak eratuko dituzte laster antolaketaz arduratzeko.
Bestalde, joan den azaroaren 12an ospatutako herriko trikitilarien egunean, Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaiko landetxetan asteburua igarotzeko hiru sari zozketatu zituzten. 1.752 zenbakiaren jabea agertzeke dago oraindik. Salturralde baserriko Elejaldetarrei egokitu zitzaien sari bat eta bestea Nafarroa aldera joan zen.
Eta zozketa berria abian jarri du Trikikalejirak. Egin ezazu zoriontsu herri oso bat lelopean, itxitako errepidea zein egunetan zabalduko duten asmatzen duenak Dukiena jatetxean bi lagunendako afaria irabaziko du. Euro baten truke ohiko tokietan eskura daitezke kinielarako txartelak.