La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina filma Stieg Larsson idazle suediarraren Millenium trilogia ospetsuan oinarritutako filma da; hain zuzen ere, trilogiaren bigarren zatia da bihar eskainiko dutena. Aurreko astean lehenbiziko zatia eman zuten, Los hombres que no amaban a las mujeres. Ohi denez, biharko emanaldirako sarrera euro baten truke eskuratu ahal izango da. Emanaldia kultura etxean izango da, 22:15ean.
Vickie Bikingoa domekan 17:00etan emango dute. Euskarazko emanaldia izango da. Vickie Bikingoaren istorioa Flake herrixka bikingoan kokatuta dago. Bertan, gerrillari gaiztoek herriko ume guztiak bahitzen dituzte, Vicky salbu. Halvar Buruzagiaren semea da une latzenetan ideia bikainak izaten dituen Vicky haur ilegorria. Gertatutakoaz jabetuta, bahitzaileen atzetik abiatzen da Halvar, Flakeko umeak erreskatatzeko helburuz. Bidaia horretara ez du Vicky eramaten eta aitaren aginduarekin haserre, itsasontzian ezkutatzeko erabakia hartzen du Vickyk. Hortik aurrera, mamuen kontrako lehiei eta mota guztietako abenturei aurre egin beharko diete.