Azoka, herri bazkaria eta artzain-txakur txapelketa bihar

Ubane Madera 2010ko urr. 29a, 16:39
Nardeaga kalean jarriko dute azoka, 10:00etan; barazkiak, fruituak eta artisauak izango dira. Artzain-txakurren txapelketa, berriz, 17:30ean hasiko dute, Salasan baserri ondoko zelaietan.

Erretiratuen Eguna ospatuko da bihar, zapatua, Aramaion. Aspalditik ohikoa denez, egitarau zabala prestatu du Udalak zapaturako.

Azoka, 14:30ak arte

Herriko produktuen azoka 10:00etatik 14:30era jarriko dute Nardeaga kalean; barazkiak, fruituak eta artisauen lanak izango dira bertan. Antolatzaileek emandako datuen arabera, 40 bat postu jarriko dituzte bihar. Eguerdian, 12:00etan, herriko hainbat taldek lagundutako meza izango da San Martin elizan eta ondoren Papargorri abesbatzak emanaldia egingo du; 13:00etarako herriko dantzari eta trikitilarien saioa iragarrita dago. 

130 lagun bazkarian

Erretiratuen bazkaria, aurten ere, kiroldegian egingo dute, 14:30ean. Txartelak 8 eurotan salgai  izan dituzte azken egunotan eta erantzun ona izan du deialdiak: 130 lagun inguru batuko dira bihar. Bazkalostean, erretiratu nagusiei omenaldia egingo zaie eta sarien zozketa izango da. Tartean, bi lagunendako Benidormera bidaia zozketatuko dute herri bazkarian batutakoen artean.  

Artzain-txakur txapelketa

Arratsaldean, artzain-txakurren txapelketa jokatuko da Salasan baserri ondoko zelaietan, 17:30ean hasita. Aramaioko Fernando Etxebarriarekin batera, Jon Zuazo (Nafarate), Jose Mari Jauregi (Ilarduia), Txuxti Larrazabal (Laudio) eta Enrique Mendiguren (Orozko) izango dira lehian. Artzainen aginduetara  hainbat ariketa egin behar izango dituzte txakurrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak