Zuiako Koadrilaren bisita gidatuak abian dira

Arritxu Barruso 2008ko eka. 23a, 12:50
Zuiako Koadrila urteroko bisita gidatuak egiten hasi da. Aurtengo udan ere Zuiako txoko politenak bisitatu eta ezagutzeko aukera izango da, beraz. Pasa zen aste bukaeran hasi zituzten bisita gidatuak, eta urriaren 19ra arte jardungo dute horiek egiten; zapatu eta domeketan izango dira. Zuiako Koadrilako baso, baserri, dorretxe eta baselizak ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste. Hiru ibilbide antolatu dituzte horretarako.

Erromanikoaren ibilbidea

Ibilbide horretan, Oroko Ama Birjinaren Santutegia eta Zigoitiko Olano auzoko errota bisitatuko dituzte. Oroko Ama Birjinaren Santutegia Zuiako harkaitz famatuenetan dago kokatuta. Baselizaren barnean, Ama Birjinaren irudia dago, erretaula barrokoan. Bisita hori 10:30ean izango da domeketan eta 18:00etan zapatuetan. Olanoko errota berritua dagoen eta lanean diharduen errota gotikoa da. Bisitak 12:00etan izango dira domeketan eta 19:30ean zapatuetan.

Ibilbide etnografikoa

Bigarren ibilbide horretan, Goiuriko eliza, errota eta ur jauzia ezagutzeko aukera egongo da; 10:30ean domeketan eta 18:00etan zapatuetan. Bestalde, Izarra-Irubidaur museo etnografikoa ere bisitatuko da. Gure arbasoen bizimodua ezagutzeko aukera eskaintzen dute museoan aurkitzen diren altxorrek; Irteerak 12:00etan izango dira domeketan eta  19:30ean zapatuetan.

Aramaioko ibilbidea

Aramaioko txokoak ezagutzeko bisita gidatuak ere antolatu dituzte. Ibarra auzoko gune historikoa, Barajuen auzoa eta Olatezar gaztandegia ezagutuko dira ibilbide honetan. Ibarrako bisita 10:30ean egingo dute domeketan eta  18:00etan zapatuetan. Barajuengoa, berriz, 11:45ean domeketan eta 18:45ean zapatuetan. Uztailaren 12an, gainera, bisita antzeztua egingo dute Aramaion.

Izenematea eta ordutegiak

Ibilbidearen lehenengo puntuan izango dira irteerak, 18:00etan. Ibilbide bakoitzeko leku bakoitza, bestetik, independentea da, beraz, leku bakarrera joateko aukera ere egongo da (beti ibilbide bakoitzean zehaztutako ordutegian).Izena emateko beharrezkoa da aldez aurretik telefonoz deitzea (945 24 38 28). Bisita hasi baino ordubete lehenago deitzea nahikoa da. Informazio gehiago aurkitu daiteke www.cuadrillazuia.com webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak