Zaborraren,estolderiaren eta uraren tasek gora egingo dute

Arritxu Barruso 2008ko abe. 5a, 12:07
Datorren urtean aramaioarrek dezente gehiago ordaindu beharko dute ura erabiltzearren. Izan ere, Udal Gobernuak iragarri du tasak gorakada nabarmena izango dutela.

"Bost urtean ez da inolako igoerarik egon. Datuak aztertu ditugu eta egoera jazan ezina zen. Beste herri batzuetako datuak ere aztertu ditugu eta ezinezkoa dena da, esaterako, Arrasate eta Aramaioren artean horrenbesteko aldea egotea" azaldu du Asier Agirre alkateak. Gaineratu du tasak igo arren, kasu gehienetan Udalak zorretan egoten jarraituko duela.

Urak %35 egingo du gora

Udal Gobernuak azaldu du uraren kudeaketaren gaineko gastuak berdintzeko uraren tasa %101 igo beharko litzatekeela. %35eko igoera aplikatuko du Udalak eta, hala ere, 30.549 euroko zorra izango du.

Zaborra %35 igoko da

Udal Gobernuak kalkulatzen du zaborraren kudeaketaren gastua 59.014 euroko izango dela datorren urtean. Gastu hori berdintzeko %175 igo beharko litzateke zaborraren tasa. Hori ekiditeko %35 igoko dute bakarrik eta Udalak 28.825 euroko defizita izaten jarraituko du.

Estolderia %100 igoko da

Estolderiaren gaineko tasa da datorren urtean gehien garestituko dena; %100 igoko da. Orain arte bi hilean behin %3,5eko tasa ordaindu behar zen. Orain berriz, bi hilean behineko kuota hori %6,3koa izango da. Udal Gobernuak azaldu du gastuak berdintzeko %400 igo beharko litzatekeela tasa hori.

Beste zerga batzuek ere gora

Beste zenbait zerga ere igo egingo ditu Udalak datorren urtean. Hiri ondasunen gaineko zerga %0,2 igoko da, landa ondasunen gainekoa %0,8 eta zirkulazio tasa ere %0,2 handiago izango da 2009an.
Agirre alkateak azaldu du herritarrek igoera horien zergatia ulertzea espero duela. Egin dituzten azterketa guztiak eta datuak herritarrei azaltzeko bilera irekia egin zuten pasa zen astean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak