Urtegiengatik diru gehiago eskura dezake Udalak, Diputazioak onartuz gero

Ubane Madera 2006ko abenduaren 1a

Arabako Foru Aldundiak urtegien azalerak neurtu egin ditu, baita horiek zein udalerriko mugetan dauden zehaztu ere. Aramaioko udalerrien mugen barruan Albinako urtegia osorik eta Urrunagakoaren zati bat daude.

Horien jabeak dira Gasteizko Udala eta Iberdrola. Mugak ipini eta gero, aldundiak baloratu egin ditu urtegi guztien azalerak eta hala, hiri lurrari dagokion kontribuzioa ordain dezaten eskatu zaie jabeei.

Bestalde, urtegia dituzten udalek beste eskaera bat egin diote Diputazioari: hain justu, 2008an, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (IBIa) ezartzea urtegiei, baina landa-lurra moduan barik, ezaugarri bereziak dituzten ondasunak balira bezala.

Bikoiztu edo hirukoiztu

Bestela esanda, orain ordaintzen dutena baino zerga handiagoa ordain dezatela urtegiez probetxua ateratzen duten erakunde eta enpresek. 2008tik aurrera, Udalak orain jasoko duena bikoiztu edo hirukoiztu egingo litzateke.

Eta hori garrantzitsua da Aramaio moduko herri batendako; industria gutxi izan arren, dituen ondasun naturalei esker orain baino diru sarrera handiagoak eskuratuko lituzke-eta. Ea bada zer erantzuten duen Gasteizko erakundeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak