Urtarrilaren 22an hasiko dira dantza eskolak

Arritxu Barruso 2010ko urt. 13a, 19:36
Urte berriarekin beti izaten da gauza berriak egiten hasteko gogoa. Bada, Aramaioko Lagun Artea dantza taldeak aukera aproposa eskaintzen du horretarako: dantza ikastaroak antolatu dituzte; erromerietan egiten diren dantzak ikasteko ikastaroa. Eskolak barikuetan izango dira 18:00etatik 19:00etara bitartean.

Abenduaren amaiera aldera egin zuten ikastaroak antolatzen hasteko bilera, eta pozik daude jasotako erantzunarekin. Dagoeneko hamar pertsona inguruk eman dute izena eta datozen asteetan kopurua handitzea espero dute. "Pentsatzen dugu oraindik herritar batzuek ez dutela gure ikastaroen berririk izan eta espero dugu ikasle kopurua handitzea. Gauza bat utzi nahi dugu argi: ez dago dantzan egiten jakin beharrik ikastaroetan parte hartzeko. Zerotik hasiko gara; hortaz, edonor etor daiteke", azaldu du Adela Elexaldek, Lagun Artea dantza taldeko kideak.

Barikuro ordubetez

Dagoeneko ipini dute eskolak hasteko eguna. Urtarrilaren 22an hasiko dira, barikua. Antolatzaileen asmoa da ikastaroa ekainera arte luzatzea. Hori horrela, eskolak barikuro izango dira, eskolako gimnasioan, 18:00etatik 19:00etara bitartean. Erromerietako dantzak irakatsiko dituzte: "Larrin-dantza, Iparraldeko Inauterietako dantzak, arin-arina eta fandangoa irakatsiko ditugu, besteak beste. Erromerietan egiteko moduko dantzak", dio Elexaldek. 


Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek hamar euro ordaindu beharko dituzte hasieran. Antolatzaileek azaldu dute diru hori dantza taldera bideratuko dutela beharrezkoa duten materiala erosteko. Elexaldek azaldu du irakasle lanetan ibiliko direnek ez dutela kobratuko. Izena emateko aukera badago oraindik; horretarako, interesa dutenek dantza taldeko kideekin harremanetan ipini behar dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak