Urtarrilaren 13an Asier Agirre alkatea epaitua izango da Gasteizen

Mirian Biteri 2009ko aza. 20a, 13:43
Epaia "aurretik" idatzita dagoela eta 9 urtez gaitasunik gabe utziko dutela uste du Asier Agirrek, Aramaioko alkateak. Atzo, 'Alkateak Zuzenean' saioan izan zen Agirre eta bestelako kontuen gainean ere hitz egin zuen.


Dagoeneko data jarri diote Abiadura Handiko Trenaren gaineko galdeketa herrian egitearren Asier Agirre Aramaioko alkatearen kontrako epaiketari. Urtarrilaren 13an izango da hori, Gasteizko justizia jauregian. Eguenean Goiena Telebistako Goiena magazinea-n iragarri zuen Agirrek berak epaiketaren data.

2008ko apirilean Estatuko Fiskaltzak Aramaioko alkatearen aurkako salaketa ipini zuen. Fiskaltzaren arabera, 2007ko irailaren 28an, 29an eta 30ean legez kanpoko galdeketa egin zuen horretarako udal baliabideak erabilita. Agirrek jakinarazi zuen epaiketara joateko eta "zirkuan" parte hartzeko asmoa baldin badu ere, epaia aurretik "idatzita" dagoela eta hortaz, "hitza" herritarrei ematearren bederatzi urtez gaitasunik gabe utziko dutela.

Agintaldia amaitu ezin

Horren harira esan zuen gerta litekeela agintaldia alkate moduan ezin amaitzea. Berretsi zuen "tokiz kanpo" dagoen azpiegitura erraldoia dela eta bera epaituko duten arren, helburua ez dutela lortu, "herriak garbi esan zuen-eta azpiegitura ez duela nahi". 

Plan orokorra

Bestalde, lantzen diharduten Plan Orokorrari dagokionez, Agirrek nabarmendu zuen gaia "serioa" dela eta, hortaz, ezin dela "egun batetik bestera" egin. Horren harira, alkatearendako garrantzitsuena ez da agintaldia amaitu aurretik onartzea: "Ez diot horrenbesteko garrantzirik ematen agintaldian bukatzeari. Herriak nahi duen lana egin behar da. Hurrengo agintaldian gu ez bagaude, sartzen den alderdiak egin beharko luke herriak nahi duena".

Gazteen lokala

Urtebete itxita daraman gazte lokalaz ere hitz egin zuen. Eguen arratsaldean gazteekin eta gurasoekin egindako bileran, 40 lagun bildu ziren udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Alkatea pozik irten zen handik: "Adostasunera heltzen garenean lokala zabalduko da, alde guztiek nahi dutelako irekitzea. Baina baldintzak bete behar dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak