Urkiolako parkeak Aramaion 2008an egin beharreko lanak aurten egingo ditu

Arritxu Barruso 2009ko mar. 5a, 16:52
Urkiolako parke naturala bi lurraldetan banatuta dago: Bizkaia eta Araba. Azken zati horrek parkearen azaleraren %15 hartzen du eta lursail guztiak Aramaiokoak dira. Kontua da, Urkiolako parke naturalak berak daukala Aramaioko lur horietan konponketa lanak eta bestelako lanak egiteko ardura. 2008an ere zenbait hobekuntza egin behar zituen, baina urtea amaitu da eta ez dute horrelakorik egin.

Amaitu berri den urtean egin beharreko lanak honakoak ziren, besteak beste: Etxaguen auzoko bide bat konpondu, zuhaitz autoktonoen landaketak garbitu eta ongarriak bota eta Arragako etxolako aparkalekua konpondu. Esan bezala, baina, ez dute lan horietako bat bera ere egin.

Hori horrela, Aramaioko Udala Urkiolako parke naturalarekin harremanetan ipini da. Parkeko arduradunek azaldu dute Foru Aldundian egon diren zenbait aldaketek eragin dutela atzerapena. Antza denez lehen Nekazaritza Sailaren ardura zen parkea eta orain, berriz, Ingurumen Sailarena.

Kontuak kontu, Aramaioko Udala eta Urkiolako parkea akordio batera iritsi dira eta pasa den urtean egin beharreko lanak aurten egingo dituzte azkenean ere.

Diputazioaren lurrak

Aramaiok 800 hektarea inguru ditu parkearen barruan. Horietatik %40 partikularrenak dira eta %60 udalarenak. Urkiolako parkearen barne egotean arau jakin batzuk bete behar dituzte guztiek; esaterako, ezin dituzte zuhaitzak nahi dituztenean moztu eta biderik ere ezin dute eraiki euren lurretan.

Aramaioko zatiaren aldamenean Arabako Diputazioaren lurrak daude, adibidez, Kondebasoko pagadia. Baina Aldundiaren lursail horiek ez daude Urkiolako parke naturalaren barruan. Aramaioko Udalak baldintza berdinak eskatzen ditu guztiendako. Hori horrela, Arabako Diputaziori eskatu dio bere lurrak ere parkearen barnean sartzea. Udala Diputazioarekin eta Urkiolako parkearekin negoziatzen ari da, baina, oraindik ez dute erantzun zehatzik jaso.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak