Urduri, baina mailari eutsiz aritu ziren aramaioarrak eskolarteko bertsolari txapelketan

AstelehenekoGoienkaria 2007ko eka. 4a, 19:34

Aramaioko ordezkariak Arabako eskolarteko bertso idatzien finalean eta bat-batekoan izan ziren, asteburuan; ez zuten sari nagusirik eskuratu, baina bai oroigarri bana; eta urduri ibili ziren arren, mailari eustea lortu zuten.

Zapatuan, Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatu zuten Gasteizen. Tartean, Aramaiotik joandakoak izan ziren. Hala, lehenengo bertso idatzien finala jokatu zuten, honako aramaioar hauek: Maider Aldai, Miren Heriz, Paula Amilburu, Maria Izaga, Beñat Zalakain, Antton Karretero eta Xabier Igoak. Eta idatzizko jardunaren ostean, bat-batekoa jokatu zuten, txikienek lehenengo eta nagusiek gero.

Lierni Altuna aramaioarra ere hantxe izan zen. Bera da herriko bertso eskolan txikienekin ibiltzen dena eta haren esanetan, zapatuko saioan "urduri samar" ibili ziren txikienak. Hala ere, mailari eutsi egin ziotela gaineratu zuen eta oro har, eta nahiz eta saririk ez ekarri Aramaiora, "bertsotan dabiltzan gaztetxoendako erakusleiho ez ezik, festa bat" dela eskolarteko txapelketa, "bertsoaren inguruko jaia".

Nagusietan, ordezkari bat

Nagusien mailan, berriz, Xabier Igoa aramaioarrak lortu zuen bat-bateko finalera iristea eta Ekaitz Samaniego, Jagoba Apaolaza, Beñat Goitia, Joane Kamara eta Ander Solozabalekin lehiatu zen hura.

Hain zuzen ere, azken hori izan zen txapeldun, eta Aramaioko kasta ere erakutsi zuen bertsotan, bertakoa izan ez arren, gurean ditu-eta sustraiak. Hori horrela, Solozabalek ordezkatuko du Araba Euskal Herriko bertso txapelketako finalean, Altsasun.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak