Kataiako bidegurutzetik 300 metro aurrerago hasiko dira errepidea zabaltzen, esan bezala, Untzillara arte. Udalaren asmoa da, baina, errepidea bidegurutzetik bertatik zabaltzen hastea. "Errepide horretan trafiko handia dago, eta ez dirudi logikoa lehenengo 300 metroak estu mantentzea eta goiko aldea bakarrik zabaltzea. ADIFi eta Diputazioari eskatu diogu lanak bidegurutzetik bertatik hasteko", azaldu du Asier Agirre alkateak. Arabako Diputazioak onartu du Udalaren eskaera eta orain lanen ardura zeinen den zehazten ari dira, ADIFena edo Diputazioarena.
Errepidearen mozketaren ondorioz Untzillatik Arrasatera joan nahi izanez gero, Aretxabaletaraino joan behar da eta Aramaiora joateko, bestetik, Zabolatik itzulia egin behar da.