Modu horretan Untzillako errota zaharrak izan dezakeen balio historikoa aztertu nahi dute. Orain dela bi aste inguru hasi zituzten lanak eta bertako arduradunek azaldu dutenez beste bi astez jarraituko dute bertan; eguraldiak laguntzen badu, behintzat.
Amenabar Construcciones S.A. enpresa izan da errotaren azterketa arkeologikoa egitea eskatu duena. Horretarako Madrilgo Artra enpresa kontratatu du. Amenabar Construcciones enpresa da, hain zuzen ere, Abiadura Handiko Trenaren Aramaio eta Arrasate bitarteko tramua eraikiko duena. Izan ere AHTren proiektuak Aramaion joango den biaduktuaren zutabe altuenetariko bat Untzillako errota zaharraren aldamenean eraikitzea aurreikusten du. Aramaioko Udaletik azaldu dute Amenabar enpresak ez zuela inolako baimenik eskatu lanak egiteko. "Azterketa arkeologikoa egiteko ez da baimenik eskatu behar, baina horretarako 50 kamioikada lur atera dituzte. Hori jakin genuenean Amenabarrekin kontaktuan jarri ginen, horrelako lanak egiteko baimena eskatzea beharrezkoa dela azalduz, eta eskatutakoa bete dute dagoeneko" adierazi du alkateak.
Untzillako errota zaharra 70eko hamarkadan itxi zuten. Aurretik, Aramaioko baserritar talde batek erabiltzen zuen euren baserrietako garia eta artoa xehatzeko.