Asier Agirre alkateak apirilaren 21ean Gasteizko Justizia Jauregian deklaratu behar izan zuen, irailean herrian AHTren gaineko galdeketa egin izanagatik. Fiskaltzaren arabera, legez kanpoko erreferenduma egin zuten Aramaion, horretarako, Udal azpiegiturak erabilita. Auziak zabalik jarraitzen du, eta Fiskaltzak orain Judith Arriolabengoa, udaletxeko langilea, eta Nagore Artamendi, udaletxeko idazkaria, deklaratzera deitu ditu lekuko gisa. Gasteizko epaitegian testifikatu zuten pasa zen eguenean, 11:00etan.
Bi deklarazioak ere motzak izan ziren, ordu erdi ingurukoak. Udaletxeko langile Judith Arriolabengoari aste bukaera horretan egindakoaren inguruan galdetu zioten. Pleno aretoan izan zen galdetu zioten eta ea bertan zer ikusi zuen. Udaletxeko idazkariak, berriz, kontabilitate gaien inguruko azalpenak eman behar izan zituen. Izan ere, alkateari diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten diote. Aholkularitza juridikoaren gainean ere galdetu zioten Nagore Artamendiri. Hau da, ea alkateari azaldu zizkion horrelako erreferenduma egiteko jarraitu beharreko pausoak.
Auziak, esan bezala, zabalik jarraitzen du eta ikusi egin behar, orain, Fiskaltzak beste norbait deituko duen deklaratzera. "Auskalo, Fiskaltzak eta epaileak bakarrik dakite zer gertatuko den auzi honekin" adierazi du Agirrek.