Udalaren eta Aldundiaren arteko hitzarmenari esker, eguneko zentroa gertuago

Txomin Madina Milikua 2010ko urt. 27a, 22:00
Beren kabuz moldatzeko gai diren bederatzi pertsonendako lekua izango du eguneko zentroak, eta Udalak Lurgorri pasealekuan duen lokal batean egongo da.

Asier Agirre Aramaioko alkateak eta Covadonga Solaguren Arabako Gizarte Politikarako foru diputatuak goizean sinatu duten akordioarekin gertuago dago herriko eguneko zentroa.

Alkateak adierazi duenez, Diputazioaren aldetik atzerapen handiarekin eta asko kostata, baina herrian dagoen behar bati erantzuna emango zaio azkenean. Oraindik data zehatzik ez badago ere, asmoa da lehenbailehen jartzea martxan eguneko zentroa.

Covadonga Solaguren diputatuaren esanetan, eguneko zentro hau Arabako Aldundiak lurralde orekaren alde egindako apustuaren adibide da, herri txikietan handietan besteko gizarte zerbitzuak izan ditzaten.

Bederatzi plaza

Eguneko zentroa finantzatzeko akordioa da gaur sinatu dutena. Zentroa bera, Udalak Lurgorri pasealekuan duen lokal baten egongo da eta berau egokitzeko lanek eta altzariek 161.000 euroko kostua izango dute. Sinatutako akordioaren arabera, Udala %20aren kargu egingo da eta gainerakoa Aldundiak ordainduko du.

130 metro koadro inguru izango ditu zentroak eta euren kabuz moldatzeko gai diren edo dependentzia maila baxua duten bederatzi pertsona hartuko ditu. Goizeko hamarretatik arratseko seiak arte egongo da irekita.





ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak