Udalak musika etxea ipini nahi du martxan

Arritxu Barruso 2009ko mai. 13a, 15:30
Aramaioko Udalak musika etxea sortu nahi du. Musika eskola beharrean, musika etxe ipini nahi izan diote izena; izan ere, ez da eskolak emateko bakarrik erabiliko. Izenak dioen moduan, musikarekin lotutako ekimenak eta ekintzak batuko dituen etxea izango da.

“Herrian musikarekin lotutako elkarte eta talde dezente ditugu eta nahi duguna da musika etxean horien guztien bilgunea izatea. Musika eskola funtzioa ere izango du, noski, Aramaioko gaztetxoek lehenengo urteetan, behitzat, musika ikasketak Aramaion egin ditzaten, Arrasatera joan beharrik izan gabe”, azaldu du Asier Agirre alkateak.
Proiektu honen asmoa da gazteek oinarrizko ikasketak Aramaion bertan egin ahal izatea eta, gero, espezialitatea egitera Arrasatera joatea. Eraikina zein izango den ere erabaki du Udalak, Pedro Ignacio Barrutia kalean egiten ari diren babes ofizialeko etxebizitzen azpian dagoen lokalean kokatuko da.

Fundazioa

Musika etxeak, gainera, beste berezitasun bat izango du. Ez da Udalarena izango, asmoa da fundazio bat sortzea eta hark kudeatzea. Batzorde bat sortuko da eta batzorde horrek hartuko ditu erabakiak. “Gura duguna da musika etxea herritarrena izatea eta herritarrek kudatzea. Udala, noski, batzorde horretan ordezkaritza izango du, oraindik zehaztu gabe dagoena, baina, ardura gehiena herritarrena izango da”, azaldu du alkateak. Herritarrek fundazio horretako kide izateko kuota bat ordaindu beharko dute.
Udalak aste batzuk barru bilera irekia egingo du herritarrei proiektuaren berri emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak