Udalaren asmoetako bat da autoak herriko plazatik ateratzea. "Herrian zehar hainbat aparkaleku egokitu ditugu azkenaldian, baina, oraindik ere, askok eta askok plazaraino sartzen dute autoa. Herriko plazatik autoak ateratzea da gure proposamena, baina hori nola egin jakiteko herritarren kezkak eta proposamenak jaso nahi ditugu lehenengo", azaldu du Asier Agirre alkateak. Irisgarritasuna ere bermatu egin nahi du Udalak; izan ere, uste dute gaur egun dauden kateak oztopo arkitektoniko handia direla eta ez dutela inolako funtziorik betetzen. "Kate horiek autoak ez sartzeko ipini ziren hasiera batean, baina jendeak katearen pareraino eramaten du autoa, eta listo. Gainera, argi dago oztopo arkitektonikoak direla", dio Agirre alkateak. Horrez gain, plazako lurzorua ere aldatu nahi dute, gaur egun dauden baldosak errazegi apurtzen direlako eta egoeran txarrean daudelako.
Nardeaga kalea
Nardeaga kalearen goi partean ere laster zenbait aldaketa egin beharko direla uste du Udalak. Kafetegi bat zabaldu berri dute eta laster beste taberna bat irekiko dute. Hori horrela, metro gutxi batzuetan lau taberna eta erretiratuen egoitza egongo dira. Horrek zirkulazio handia sortuko du eta, eskola ere aldamenean dagoela kontuan izanda, arriskutsua izan daiteke umeendako.
Bi gai horien gaineko proposamenak udaletxean aurkeztu beharko dira, idatziz.