Udalak Gesalibar eta Untzilla arteko errepidean kontuz gidatzeko deia egin du

Mirian Biteri 2009ko ots. 23a, 18:40
Aramaioko Udala oso arduratuta dago Abiadura Handiko Trena eraikitzeko obrak direla eta, Arrasate eta Aramaio arteko errepideak duen arriskuarekin.

Asier Agirre alkateak Arrasateko Gesalibar eta Aramioko Suña eta Untzilla auzoetara doan errepide arteko zatian kontu handiz gidatzeko gomendatu die gidariei: "Egunero obretako ehun kamioi inguru dabiltza gora eta behera eta errepideak, zenbait lekutan, bost metro baino gutxiago dauzka zabaleran. Errepide oso arriskutsua bihurtu dute".

Horren harira, salatu du, tamaina dela-eta, kamioi batzuk errepide erditik joaten direla, horrek dakarren arriskuarekin: "Errepide horretatik joaten direnei kontuz ibiltzea eskatu nahi diegu, ibiltzen den kamioi kopuruarekin edozein tokian topa gaitezke eta batekin bidean". 

Bilerak

Udalak egoera horri irtenbidea topatu gura dio eta dagoeneko bilerak izan ditu Diputazioarekin eta lanak egiten dihardun enpresarekin: "Negoziatzen gabiltza bai Diputazioarekin eta baita enpresarekin obrekin jarraitu aurretik, errepide bera zabaldu dezaten. Baina, ez dute gura inbertsiorik egitea bidea zabaltzeko; semaforoa bakarrik jarri nahi dute. Baina, guk gogor jarraituko dugu negoziatzen" .

Alkateak gogorarazi du Aramaion bi gunetan dihardutela lanean: Eskoriatzako mugako obrak; horiek oso aurreratuta ez daudela eta beraz, kalte handirik oraindik ez dutela egin dio. Bolinburu izenez ezagutzen den gunean, baina, kalteak handiak direla salatu du: Bolinburu auzoko sarreratik baserrietara doan bidearen egoera penagarria da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak