Udalak eta merkatariek bat egin dute dendetan euskara bultzatzeko

Arritxu Barruso 2008ko azaroaren 26a

Aramaioarrek herriko taberna, jatetxe eta dendetan Euskeraz eitten badozu hobeto! dioen kartela aurkituko dute aurrerantzean. Euskara batzordeak herriko merkatariekin batera abian ipini duen kanpaina berriaren leloa da. Herriko komertzioetan euskararen erabilera bultzatu nahi dute.

Udaleko Euskara Batzordeak euskararen erabileraren gaineko hausnarketa egin du EMUN kooperatibarekin batera. Hausnarketa horretan garrantzia berezia eman zitzaion merkatarien sektoreari. "EMUNekin batera egindako azterketan ikusi genuen herriko denda eta tabernetan gaztelania asko erabiltzen dela. Gainera, ohitura kontua da gehienetan. Izan ere, gaztelaniaz hitz egiten dute gehienek euskara jakin badakite" azaldu du Rosa Mondragon euskara teknikariak. Hori horrela, merkatariekin kontaktuan ipintzea erabaki zuten. Mondragonek azaldu du merkatariek oso borondate ona erakutsi dutela. Hori horrela kanpaina berezi bat martxan ipintzea erabaki zuten. Leloa ere merkatariekin batera adostu dute. "Euskeraz eitten badozu hobeto dioen karteltxoak banatu dizkiegu merkatari guztiei. Sentsibilizazio kanpaina bat da, gehien bat. Uste dugu bezeroengan eta merkatariengan eragina izango duela kanpaina honek", dio euskara teknikariak.


Baina karteltxoena kanpainaren lehenengo pausua besterik ez da. Izan ere, euskaraz berba egiten duten herritarrak saritzea da Euskara Batzordearen helburua. Horretarako errifak atera dituzte; euskaraz hitz egiten duten bezeroei errifa bat emango zaie eta Gabonetan, gero, zozketa egingo da.
Horrez gain, sorpresaren bat edo beste ere egongo dela aurreratu dute Euskara Batzordetik.

Kale erabileraren neurketa

Euskararen kale erabileraren neurketa ere egin du Euskara Batzordeak. Azaroko lehenengo astean egin zuten neurketa hori. Kanpoko enpresa baten egin zuen eta azterketa horren emaitzen zain daude orain. Euskara teknikariak azaldu du abenduaren lehenengo egunetan ezagutuko dituztela emaitzak eta ondoren herritarrei azalduko dizkietela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak