Udalak bilera egin du auzo alkateekin

Arritxu Barruso 2008ko otsailaren 1a

Datozen zortzi urteetarako Aramaiorako hirigintza plana lantzen ari da Udala. Auzoetako eta Ibarrako mapa berria lantzen ari da, alegia. Kontua da plan horretan eragin zuzena izango duela 2006ko lurzoruaren legeak, eta batez ere auzuneetan.

Izan ere, lege horrek landa nukleoen eta herriguneen arteko bereizketa egiten du. Landa nukleoak dira 25 etxe baino gutxiago dituzten guneak. Horietan, etxe berriak eraikitzeko legeak muga bat ezartzen du; ezin izango dira auzoak dauzkan etxe kopuruaren erdia baino gehiago eraiki. Edozelan ere,  landa nukleoetan inoiz ezin izango dira 25 etxe baino gehiago egon.

Lege horren arabera, Aramaioko auzo guztiak landa nukleoak lirateke. Udalak uste du lege horrek ezartzen dituen mugek ezinegona sor dezaketela auzoetako bizilagunengan. Dena dela, hirigintza batzordetik argi utzi nahi izan dute  Udalak ez duela inolako zerikusirik muga horiekin. Hori horrela, legea bera eta Udala auzoetarako lantzen ari den plana azaltzeko , auzo alkateekin bildu zen eguenean hirigintza batzordea. Bertan egutegi bat finkatu zuten auzoz auzo euren planak azaltzeko. Datorren martitzenean hasiko dira.

Ibarrako herritarrekin ere gauza bera egingo du Udalak. Bilera otsailaren 8an izango da Udaletxean 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak