Udalak bat egin du 'Zatoz euskaraz!' egitasmoarekin

Ubane Madera 2007ko martxoaren 12a

Aramaioko Udalak bat egin du Debagoieneko Mankomunitateak abiarazi duen 'Zatoz Euskaraz!' programarekin. Izenak dioen moduan, euskara bultzatzeko ekimena da hori, euskararen normalizazioaren bidean.

Maiatzaren 27ko udal hauteskundeei begira, alderdi politikoen ordezkariei, hautagaien zerrendak egiterakoan, hautagaiak euskaradunak izan daitezela eskatu diete, besteak beste.

Etxez etxe

Udalak jakinarazi duenez, eskuorriak argitaratu eta etxez etxe bidaliko dituzte oraingo astean; guztira, 600, herriko etxe guztietara iristeko.

Ezker abertzalea

Bestalde, hauteskundeen harira, Aramaioko ezker abertzaleak jakinarazi du badutela horietara aurkezteko asmoa. Halaber, jakinarazi dute dagoeneko hasi direla herri batzarrak egiten. Helburua da herriko egoera orokorraren gainean hausnarketa egitea eta interesa duten herritarren ekarpenak jasotzea.

Hala, hurrengo herri batzarra bihar, martitzena, egingo dutela iragarri dute. Hitzordua 19:00etan da, kultura etxean. Aisialdiaz, kulturaz eta gazteriaz egingo dute berba. Interesa duen edozeinek parte har dezake batzar horretan eta aurrerago egingo dituztenetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak