Udala pozik dago azokak izandako erantzunarekin

Arritxu Barruso 2008ko urr. 30a, 11:20
Udaleko Kultura batzordea oso pozik dago joan den zapatuan, erretiratuen egunean, egindako azokak jasotako erantzunarekin. Kultura zinegotzi Ainara Inuntziagak azaldu du beste urte batzuetan baino jende gehiago ibili zela kalean eta herritarren parte-hartzearekin oso pozik daudela.

"Nardeaga kalea eta parkea jendez beteta egon ziren goizean. Herritar asko hurbildu zen azokara. Erretiratuen eguneko azoka indartzea zen gure helburuetako bat, azoka borobilago bat egitea eta esango nuke lortu dugula" dio Ainara Inuntziaga, Kultura zinegotziak.


Nardeaga kalean nekazal produktuak saltzen zituzten 40 postu ipini zituzten eta horietatik 35 aramaioarrak ziren. Inuntziagak azaldu du herritarrei eman zietela lehentasuna eta gelditzen ziren postuak kanpoko baserritarrei eskaini zizkietela.

Animaliak izan dira aurtengo azokaren nobedade handiena: "Benetako azoka bat izateko animaliak falta zitzaizkion erretiratuen eguneko azokari. Joan zen urtean hegaztiak ipini genituen, baina, ganadua falta zen. Aurten behiak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak izan ditugu. Azken finean ganadua ikustea da baserritarrei gehien gustatzen zaiena" dio Inuntziagak.

Baserritarrei eskerrak

Kultura zinegotziak adierazi du azokaren arrakastaren zati handi bat herriko baserritarrei zor zaiela: "Oso pozik gaude baserritarrengandik jaso dugun laguntzarekin. Azken finean eurak izan dira animaliak ekartzeaz arduratu direnak. Euren laguntza ezinbestekoa izan da. Lan oso txukuna egin dute eta eskerrak eman nahi dizkiegu".

Pozik daude azokaren emaitzarekin eta datorren urtera begira ere azoka borobiltzen jarraituko dutela azaldu du Inuntziagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak