Udal Gobernua arduratuta dago Plan Orokorra atzeratuta doalako

Arritxu Barruso 2008ko urr. 15a, 19:55
Plan Orokorraren aurreproiektua martxorako amaituta egotea zen udalbatza berriaren asmoa, baina, urria amaitzear dago eta aurreproiektua bukatzeke dago oraindik. Udal Gobernuko ordezkariak haserre daude eta jakinarazi nahi dute lanean gogor dihardutela plana lehenbailehen amaitzeko.

Kontua da udalbatza berria gobernura iritsi zenean aurreko korporazioak Stoa enpresarekin garatutako aurreproiektua atzera bota zuela: “Ez geunden ados planak jasotzen zituen gauza askorekin. Hori horrela sei hilabeteko etena eskatu genion enpresari, gauzak hobeto pentsatu eta gure kriterioak eta helburuak hobeto finkatzeko. Denbora tarte horretan herritarrekin bildu ginen eta euren iritziak jaso genituen”, azaldu du Asier Agirre alkateak.


Hori guztia egin ostean Stoa enpresari bidali zioten herritarrengandik jasotako informazio guztia eta beharrezko dokumentazio guztia, plan orokorraren aurreproiektua garatu zezaten.

Udala orain Stoa enpresak aurkeztuko dion proiektuaren zain dago. “Aurreproiektuak bukatuta behar luke, baina, zain jarraitzen dugu. Hona ez da inolako dokumentaziorik iristen. Haserre gaude, baina, baita arduratuta ere herritarrak kezkatuta ikusten ditugulako.

Desadostasunak

Udaleko Hirigintza batzordeko arduradunak kezkatuta daude: “Gauzak nola joan diren ikusita, guretako garrantzitsuak diren oinarriak kontutan hartuko ez dituzten beldur gara. Dena dela, ikusi egin behar da zer aurkezten diguten. Zentzu horretan gauza bat esan nahi diet herritarrei. Guk gure helburuak eta kriterioak defendatzen jarraituko dugu” azaldu du Asier Agirrek.

Hirigintza batzordekoek azaldu dute Plan Orokorraren aurreproiektua jaso bezain laster eta ezer onartu baino lehen herritarren eskura ipiniko dutela. Aramaioarrek euren proposmenak egiteko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak