Udako oporretan, postalak bidaltzeko gonbidapena

Miren Arregi Amasorrain 2007ko uzt. 25a, 10:40

Udako oporretan, gauden tokian gaudela edo goazen tokira goazela, Txirritola Euskara Elkarteak postalak bidaltzeko gonbidapena egin die aramaioarrei.

Sarri egiten den ekintza da: hau da, uda garaia iristen denean, alde guztietan aurki ditzakegu argazki edo postal onenen lehiaketak. Txirritola elkarteak proposatzen duena, ordea, ez da lehiaketa bat izango; izan ere, ez da irabazlerik ez galtzailerik egongo. 

Landetxean egonaldia zozketan

Oporretan doazenean, gustuko duzuen postal bat erosi eta Txirritolara bidaltzea besterik ez dute herritarrek. Postala euskaraz idatzitakoa izan beharko da. Jasotzen diren postal guztien artean, uda amaitzean, zozketa bat egingo da, eta zozketa horretatik postal bakar bat aterako da. Ateratako postalaren idazlea irabazletzat joko da, eta bidaltzaileak asteburu baterako landa-turismo baten egonaldia irabaziko du. Ez da, ez sari makala Txirritola elkarteak emango duena. Ekimen honen helburua euskaraz idaztea sustatzea eta bultzatzea da, batez ere, uda partean, jendeak idazteko ohitura galtzen duenean.

Baldintzarik ez

Ez da inolako baldintzarik ipiniko. Postalak edozein formatakoak edo motatakoak izan daitezke. Norberaren esku gelditzen da, beraz, postalen aukeraketa. Honakoa, Txirritola elkarteak lehiaketa hori antolatzen duen 4. aldia da. Euskara elkarteak parte hartzera animatzen ditu herritar guztiak. Honako helbidera bidali beharko dira postalak: Txirritola Elkartea, Kultur Etxea, 01160 Aramaio (Araba).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak