Txupinazoarekin eta 'Ri-Rau' eginez hasi zituzten jaiak

Arritxu Barruso 2008ko uzt. 6a, 21:56
Egubakoitzean hasi zituzten Aramaion San Martin Jaiak; 20:00etan ziren hastekoak, baina, aramaioarrek apur bat itxaron behar izan zuten festa giroan sartzeko, etxafuegoei uste baino gehiago kosta zitzaien lehertzea-eta. Baina arazoa konponduta eta etxafuegoa bota ostean, festa eta parranda nagusitu zen Aramaion.

Azken egunetan Aramaion agertutako Ri-Rau zioten kartelen misterioa ere berehala argitu zen. Sastiña ermitatik Abiadura Handiko Trenez margotutako enborra atera zuen herriko gazte talde batek, eta ri-rau ohiukatuz moztu zioten burua.

Herriko bertsolariekin eta trikitilariekin, gero, bertso poteoa egin zuten eta festa giroa herriko kaleetan zehar zabaldu zuten horrela. Gauean UEK, Anestesia eta Feos pero Guapos taldeek kontzertua eskaini zuten txosna gunean.

Zapatuan ere goizean goiz hasi zuten festa Aramaion, Arrasateko buru handiekin eta herriko gazteek egindako buruhadiekin. Izan ere, herriko gaztetxoek azkeneko asteetan, Txatxilipurdi elkartekoek lagunduta, buruhaundiak egiten jardun dute. Hanka-paloen gainera eta mozorrotuta gustura ibili ziren kaleetan gora eta behera umetxoen atzetik.

Tortilla lehiaketa izan da aurtengo egitarauko nobedadeetako bat. Gaztetxoak izan ziren nagusi lehiaketan eta saria ere bi neskatila gaztek eroan zuten: Sara del Campo eta Alaitz Gabilondok, hain justu. 150 euroko saria  jaso zuten.

Jubilatuek mus eta briska txapelketa egin zuten.Musean Feliciano Uribarrenek eta Benito Altunak jaso zuten saria, eta briskan Mª Luisa Bengoak eta Basilisa Elortzak .
Arratsaldean eta eguraldiak gehiegi lagundu ez zuen arren, espuma jaia egin zuten eta horren ostean, urtero moduan, Txirritolinpiadak egin zituzten.

Iluntze aldera mexikar doinuak nagusitu ziren Aramaion. Real Azteca taldeak rantxerak abestu zituzten eta aramaioarrak gauerako motorrak berotzen hasi ziren horrela.

Domekan ere izan zen nobedaderik. Orain dela urte batzuetako ohitura berreskuratuz herri kirolak egin zituzten-eta.

Egun handia astelehenean

Aramaioar askorendako bihar, astelehena, izango da jaietako egun handia. Umeendako eta nagusiendako, guztiendako egongo da zer egin-eta. Dena dela, duda barik, koadrilen arteko pikeak izango dira momentu politena. Kultur etxeko parkean zikindu, busti, jausi eta denetarik egin beharko dute koadrilek saria irabazteko. Iluntzean herri afaria egingo dute. Askok eta askok martitzen goizean bukatuko dituzte, seguruenik, San Martin jaiak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak