Txirritola elkartea Topagunean sartu da

Edu Mendibil 2010eko apirilaren 30a

Txirritola elkartea Topagunean, euskara elkarteen federazioan sartu da. Joan den apirilaren 17an Iurretan egindako batzar nagusian, Topaguneak ongietorria egin zion Txirritolari.

Aramaioko euskara elkartearekin batera, Euskara Añanan Mingainean (Añanako koadrila), Goierriko Euskal Eskola (Lazkao) eta Gutxisolo (Trebiñu) dira Topaguneko kide berriak. Zarauzko Txaparro eta Oñatiko Laixan elkarteen bajen ondorioz, guztira 95 elkartek osatzen dute Topagunea gaur egun.

Aramaioko Txirritola euskara elkartea 1998an sortu zuten. Xabier Herrarte da elkarteko presidentea egun. 100 bazkide inguru dira eta, besteak beste, Sagardo Eguna, Gabonetako menua, Txirritolinpiadak eta ipuin lehiaketa antolatzen dituzte urtean zehar. Hain zuzen, ipuin lehiaketako sari banaketa egin zuten aurreko egubakoitzean. Hiru aste barru, maiatzaren 20an, batzar orokorra egingo dute. Kultura etxean egin dute hitzordua egun horretarako, 18:30ean. Bazkide guztiei batzarrean parte hartzeko dei egin diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak