Hitzordua 18:00etan jarri bazegoen ere, apur bat beranduago hasi zen kalejira. Ordurako, baina, askotariko adinetako 150 dantzari inguru zain zeuden kiroldegi kanpoaldean.
Herriko txistulariez lagunduta, anfitrioiek zabaldu zuten martxa; azken 50 urteotan Aramaioko Lagun Artea dantza taldean ibilitako 50 bat lagunek, hain justu ere. Tartean, 1956. urtean taldea sortu zeneko bi aramaioarrek parte hartu zuten.
Kiroldegia atzean utzita, Nardeaga kaletik, herriko plazarantz abiatu zen kalejira; handik Ibargoiara eta buelta eman ostean, Nardeaga hartu zuten berriro, hasierako tokira itzultzeko. Hasiera baten, ondorengo erakustaldia plazan egitea aurreikusita bazegoen ere, zerua ilun zegoen eta badaezpada kiroldegian egitea erabaki zuten antolatzaileek.
Aramaioarrek ez zuten huts egin eta dantza ikuskizuna hasi aurretik, kiroldegiko harmailak jendez lepo zeuden. Dantza egiten hasi aurretik, Arabako hainbat herrietatik iritsitako dantzari guztiak kantxara irten ziren.
Txakolin-dantza
Lagun Artekoak izan ziren erakustaldia zabaldu zutenek, Aramaioko dantza batekin: Txakolin-dantzarekin, hain zuzen. Lagun Artea taldeko Jose Madina dantzariak horren jatorria jakinarazi zigun: "Orain dela 20 urte berreskuratutako dantza aramaioarra da. Galduta zegoen eta Diputazioaren bidez horri eutsi genion, herrietako topaketak egiten hastean". Horren esanahia ere azaldu ziguen Madinak: "Tabernan zeuden koadrila bik behin apustua egin zuten ea zeinek egiten zuen hobeto dantza. Horiek ezberdintzeko, koadrila bateko kideek gerriko beltza daukate eta besteak, gorria".
Jarraian, gainontzeko taldeak Arabako hainbat herrietako dantzak erakutsi zituzten, hala nola, Aguraingo Lezea Zortzikoa zein Eltziegoko edo Guardiako dantzak. Erakustaldia amaitu aurretik, dantzari guztiak berriro kantxara irten ziren, Larrain dantza eta Txula-lai batera dantzatzeko.
Dantzariak, pozik
Ikuskizuna amaitzean, Madina pozik zegoen: "Dena oso ondo irten da; giro polita egon da eta hori pozgarria da". Lagun Artea taldeko Azahara Alonso, Ane Gardoki, Amaia Arregi eta Maider Gardoki ere iritzi berekoak ziren. Horrenbeste entsegu ostean ondo dantzatu zuten-eta; baina, baita jende asko egon zelako erakustaldia ikusten. Eguna ez zen hor amaitu. Gauean, afaria eta erromeria egin zuten herrian.