Trenaren lanak abiadura handian doaz

Arritxu Barruso 2008ko urr. 3a, 11:52
Hilabete pasa da lehenengo kamioiak eta hondeatzeko makinak Zabola auzoko lurretan sartu zirenetik. Baina hilabete nahikoa izan da bailara horretako itxura erabat aldatzeko. Lehen zelaiak zeuden lurretan pista eta sarbide ugari ikusi daitezke orain.

Asier Agirre alkateak adierazi du lanak sekulako abiaduran doazela. Agirrek azaldu du biaduktua egingo duten lurretan zundaketan egiten dabiltzala dagoeneko, biaduktu horren zutabeak eraikiko dituzten tokietan. Horrez gain, zabortegietarako sarbideak egiten ere badabiltza. Lugartegi baserrira iristeko bide berri bat egin dute eta Bolinburu baserrirako bidea ere zabaldu egin dute kamioiak bertatik ibili ahal izateko. Lur mugimendu handiak egiten dabiltzala adierazi du alkateak. Ateratako lur guztia Bolinburu baserriari desjabetutako lursail batera eramaten ari dira. Zabortegia egin ahal izateko baimenaren zain daude oraindik. Baimen hori lortutakoan batutako lur hori guztia zabortegira eramango dute berriz.

Bolinburu baserria

Aramaioko Bolinburu baserriko bizilagunak gertu-gertutik bizi dituzte Abiadura Handiko Trenaren lanak eta baita horiek eragiten dituzten oztopo eta arazoak ere. Dena dela, hautsa da buruko min gehien ematen diena. "Egunero-egunero kamioi pila bat pasatzen dira gure etxe paretik eta horrek sekulako hautsa jasotzen du. Hauts artean bizi gara eta egun batzuetan jasanezina da" azaldu du Luis Mari Erizek. Behin eta berriz eskatu behar izan dute inguruak ureztatzeko kamioi bat pasatzea egunero eta dirudienez azken egunotan Bilboko enpresa bateko kamioi bat ari da lan horiek egiten. Erizek ere azaldu du oso azkar doala dena: "Kalean bizi direnak beharbada ez dira konturatzen, baina, hemen sekulako mugimendua dago, oso azkar doa dena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak