Tokiko Agenda 21ek lehenengo urratsak egin ditu Aramaion

Arritxu Barruso 2009ko urr. 9a, 11:58
Aramaion ere martxan jarri da Tokiko Agenda 21 ezartzeko prozesua. Hilaren 30ean Aramaioko udaletxean lehenengo bilera egin zen. Bertan, Tokiko Agenda 21en nondik norakoak aurkeztu ziren, eta udalerrian garrantzi handieneko gaiak zeintzuk diren definitzen hasi ziren.

Hogei lagunetik gora bildu ziren: alkatea eta bost zinegotzi, bost udal langile, lau auzo-alkate eta herriko hiru elkartetako hainbat ordezkari. Aurrera begira  elkarte eta talde gehiagoren parte-hartzea lortu nahi da, egingo den diagnostikoan ahalik eta parte-hartze zabalena egon dadin.

 

Bileraren lehenengo helburua diagnostikoan sar daitekeen gai zerrenda zabaletik garrantzitsuenak aukeratzea izan zen. Gizarteari lotutako gaien artean diagnostikoan bereziki landu beharrezkotzat jo ziren euskara, kultura, hezkuntza eta kirola, alde batetik, eta osasun eta ongizatea, bestetik. Lurralde gaietako batzuk ere nabarmendu ziren garrantzitsu moduan: lurraldea eta antolamendua eta garraioa eta mugikortasuna proposatu ziren horietan lanean hasteko. Ingurumen baliabideei dagokienez, ingurumen kalitateari eta arriskuari eman zitzaion garrantzia.

 

Jasotako informazioa diagnostikoaren zirriborro bat idazten hasteko erabiliko da. Zirriborro hori herriko beste eragileek egiten dituzten ekarpenekin eta bestelako datuekin osatzen joango da, eta hilabete batzuen buruan herritar guztiei irekitako batzar batean eztabaidatuko da, behin betiko diagnostikoa izango den dokumentua ixteko asmoz.

 

Hemendik aurrera ekimen ezberdinak egingo dira: alde batetik, udaletxean postontzi bat jarriko da herritar guztien ekarpenak biltzeko; bestetik, udalerriko talde eta elkarteei bakoitzaren esparruaren inguruko galdera sorta bidaliko zaie; eta azkenik, azaroan zehar espero da Tokiko Agenda 21eko teknikari bat lanean hastea. Teknikari horrek astean egun batean Aramaion egingo du lan eta elkarteekin, auzo-alkateekin eta udal langileekin bilduko da, iritziak jasotzen joateko eta poliki-poliki udalerriko diagnostikoa osatzen joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak