Tokiko Agenda 21 programarekin bat egin du Udalak

Leire Kortabarria 2009ko ira. 22a, 19:08
Tokiko Agenda 21 ailegatu da Aramaiora. Udalak programa horrekin bat egitea erabaki du, eta hori herritarrei azaltzeko eta hurrengo pausoa emateko -herria zelan dagoen elkarrekin aztertu-, batzar irekia deitu du irailaren 30erako, eguaztena. Udaletxean batuko dira, 19:00etan, eta batzarrera deituta daude auzo alkateak, herriko hainbat talde eta eragile, udal langileak, eta herritarrak.

Aramaioko Udalak orain bi urte eman zituen Tokiko Agenda 21 programan sartzeko lehenengo urratsak. Orain, Zuia izeneko Udaltaldean sartu da, Zuiako koadrilako beste herri batzuekin batera. Hori egin ondoren, "orain beste prozesu bat hasiko da: lehenengo, herriaren diagnostikoa egingo dugu", esaten du Asier Agirre alkateak. Diagnostikoa batzar horretan egingo dute, eta hori egiteko, "irakurketa orokorra egingo dugu: herrian zerbait egiten dugunean, horrek beste guztian du eragina, ezin gara geratu bakarrik hirigintzari, ingurumenari edo beste edozein arlori begira".

Tokiko Agenda 21 programak herri bakoitzaren uneko egoera aztertzeko balio du, eta, egoera horretatik abiatuz, etorkizuneko udalerria zelakoa izatea nahi den finkatzeko. Hori egiteko, herritarren partaidetzan oinarritzen da, eta etengabeko prozesua da. Udalerriko arlo guztietan du eragina: lurraldean, mugikortasunean, ekonomian, lanean, gizarte ongizatean eta gizarteratzean, kulturan, osasunean, euskaran, ingurumenean…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak