Zapatu goizean Aramaioko kiroldegira gerturatu eta suhiltzaileen kamioia eta autoa bertan. Su arrastorik eta ke usainik, ordea, ez inguruan. Baina suhiltzaileek ez zuten alperrik egin Aramaiorako buelta. Inoiz suterik izango balitz herritarrak gertu egon daitezen oinarrizko ezagutzak irakastera joan baitziren bertara.
Joseba Jauregi Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zigun zein izan zen ikastaroa antolatzeko arrazoia: "Ikusi genuen premia zegoela herrian zerbait gertatuz gero herritarrek izan zezaten oinarrizko ezagutza. Bestalde, boluntario talde bat sortu nahi dugu suteren bat-edo izanez gero, Gasteiztik edo Oñatitik etorri beharko balira suhiltzaileak, horiei laguntzeko bai herrian bertan kokatzen eta baita arazoa konpontzeko jardunean ere".
Udaletxeko langileak, zinegotziak, auzo alkateak eta hainbat auzotako ordezkariak, guztira 20 lagun inguru izan ziren ikastaroan. Kultura etxean suhiltzaileek azaldu zieten besteak beste sua nola sortzen den eta sortuz gero zer egin daitekeen.
Frontoian sua itzaltzen
Frontoira joan ziren gero, eta su itzalgailuak eskura ipini zizkieten; tamaina eta eduki ezberdinekoak: hauts balio anitzekoak; CO2koak eta urezkoak. Mota bakoitzekoak sua nola itzaltzen duen bertatik bertara ikusteko ez ezik erabiltzeko aukera ere izan zuten.
Suhiltzaileek azaldu zieten presioa begiratu behar dela lehenengo; gero itzalgailua batera eta bestera astindu; itzalgailuari lepotik heldu eta segurtasun uztaiari tiratu ondoren, gogor badago lurrean jarri eta zapalduta ken daiteke; sutara hurbildu aurretik probatu egin behar dela; eta azkenik sutara askorik gerturatu gabe, haizearen kontra, sigi-saga itzali behar dela sua.
Banan-banan egin zuten proba ikasleek itzalgailuekin. Horretarako, edukiontzi berezi batean suhiltzaileek eurek gertatu zuten sua gasolina, gasolioa eta alkohola erabiliz. Batzuek segituan, apur bat gehiago kostata besteak, baina txukun moldatu ziren.
Iñigo Lopez de Alda suhiltzaileak esan digunez, "Teoria azaltzen diegunean jendeak ulertzen du sua arriskutsua izan daitekeela, baina beldurra praktikan kentzen da, ikusita hainbesterako ez dela. Beti ere prebentzioarekin eta babestuta. Askotan su garrek ematen digute beldurra baina gehiago erreparatu beharko genioke gasari; toxikoak eta itogarriak dira, kaltegarriak".
Ikastaroa parte hartzaileendako baliagarria izango dela uste du Lopez de Aldak. Suhiltzailearekin bat dator ikastaroan parte hartu zuen Fernando Larrañaga gantzagarrak: "Baserrikoa izanik, beti egoten da arriskua ortu inguruan edo zakarrak erretzen sute txikiak izateko. Hortaz, nahi izan dut ikasi horrelakoetan suari nola aurre egin. Hemendik aurrera beldur gutxiago izango diogu suari jakinaren gainean gaudelako zein portaera duen", esan digu.
Itzalgailuak utzi eta mangerarekin jardun zuten gero. Suari ez ezik uraren presioari ere aurre eginez. Izan zen indar faltan suhiltzaileen laguntza behar izan zuenik mangerari eusteko.
Suhiltzaile parkea herrian
Ikastaroan oinarrizko kontuak ikasi dituzten arren, asmoa da Aramaion sortuko duten boluntario taldeak prestakuntza gehiago jasotzea. Sua ez ezik uholdeak eta bestelako larrialdiak ere sor daitezkeelako. Joseba Jauregik esan digunez, "Jaurlaritzak dirulaguntza ematen du materiala erosteko: mangerak, arropa, palak… Gainera, asmoa dago hemendik urte batzuetara Aramaion bertan suhiltzaile parke txiki bat ipintzeko. Bi edo hiru langile izango lituzke eta herriko boluntarioek eurei lagunduko liekete".
Bestalde, ikastarora joan ez direnendako suak itzaltzearen gaineko argibideak emango dizkien txosten bat gertatu eta etxeetan banatu nahi dute.
Sua eta ura, belaunetik behera dio esaerak. Suari pare pare eta beldurrik gabe aurre egiten irakatsi zieten zapatuan suhiltzaileek aramaioarrei.