Sortzear da iraganak utzi duenaren etorkizuna bermatuko duen elkartea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mai. 25a, 00:45
Aramoioko gazte talde bat herriko ondarea berreskuratzeko elkarte bat sortu guran dabil. Elkartearen helburua da herriko eta inguruetako iturri, karobi eta bestelako elementuak txukundu, konpondu eta egokitzea. Elkartea ekaina hasieran aurkeztuko dute herriaren aurrean, lehenengo lanak azaltzeko. Lanok ekainaren 20an eta 27an egingo dituzte.

Aramaioko ondarea berreskuratzea. Helburu horrekin gazte aramaioar batzuk elkarte bat sortzeko guran dabiltza euren herriko  ondarea betirako galdu ez dadin. Sortzeke dagoen elkartea da, izapideen fasean daude eta oraindik ez dituzte euren asmoak ofizialki aurkeztu. Taldeko kideek uste dutenez, galbidean dauden hainbat elementu dago Aramaion, eta badakite lan handia dagoela aurretik. Auzolanean lan egitea da taldearen asmoa. 
Eurendako eta euren ostean etorriko direnendako lana egingo du elkarteak. Izan ere, Jon Errasti taldeko kideak azaldu duenez, "gure herriko ondarea berreskuratzeko lanik egiten ez badugu, gure ostekoek ez dute altxor hori ezagutuko, eta betirako galduko da".

Etxera eta kanpora begira
Aramaioko ondarea berreskuratzeko taldea izena hartuko du elkarteak; AOBT moduan bataiatu dute. Elkarteak Aramaion ezkutatuta edo utzita dauden altxorrak azaleratu eta mantentzea du helburu eta Aramaioko herriari zein kanpotik datozen bisitariei egingo die mesede. Izan ere, Errastik dioenez, "Aramaiora etortzen den jendea badago, eta lanak eurendako ere badira".
Hasieran Aramaio eta inguruko ibilbideak txukuntzea zen helburua, baina ondarea hitz zabal moduan ulertzen dute, eta iturri, karobi eta bestelako altxorrak berreskuratzeko konpromisoa ere hartu dute.

Ateak zabalik
AOBTk zabalik ditu ateak elkarteko kide egitea gura duenarendako. Egun sei lagunek osatzen dute taldea, baina Errastik jakinarazi duenez, "sei lagun gara elkartea sortzeko beharrezkoa den kopurua delako, etorkizunean diru laguntzak jaso ahal izateko beharrezkoa baitugu".
Ekaina hasieran –oraindik ez dute data zehaztu– egingo dute elkartearen aurkezpena. Bertan, gauzatu gura dituzten lanak ezagutarazi eta lanotan parte hartzeko deialdia egingo dute. Hilaren 20an eta 27an ekingo diote.

Auzolanean eta 'politxo-politxo'

Aramaioko ondarea auzolanean eta, Errastik esan moduan, "politxo-politxo" berreskuratu gura du AOBTk, hots, ahalik eta jende gehienaren laguntzaz eta pixkanaka-pixkanaka.
Hasteko, udara bitartean gauzatu gura dituzten hiru lan aurreikusten dituzte: Metaliturri iturria egokitu, Andra Mari ermitako eskailerak garbitu eta bide zaharra txukundu. Egiteko asko dago, presarik, ordea, ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak