Etxaguengo Santikurtz ermita XVII. mende amaieran eraiki zela uste da. Etxaguen mendiko haitzetan, mila metrora dagoen ermita txikia da Santikurtz; 20 metro koadro eskas hartzen dituena. Zenbait historia liburuk diote Aramaioko Udalak eta Etxaguengo auzo lagunek eraiki zutela. Zenbait kondairak diote Santikurtz ermita Aramaioko nekazaritza eta soroak ekaitzetatik babesteko eraiki zutela. Izan ere, garai hartan, horrela esaten zuten Aramaioko nekazariek ekaitz arriskua ikusten zutenean: "Santa Barbara, Santikurtz: Jauna erruki zakiguz... Iñuzentien ogixe, Jauna, miserikordixie..."
Ermita eraiki zenetik zenbait konponketa lan egin dira. Azkena 1985. urtean izan zen. Orduan, teilatua, hormetako pintura eta hormak konpondu ziren. Arabako Foru Aldundiak 250.000 pezetako dirulaguntza eman zuen. Dena dela, konpontze lanak aramaioarrek eta Etxaguen auzoko biztanleek egin zituzten. Kontu liburuek diote herritarrek boluntarioki egin zutela lan zapatuetan, Jesus Maria Elejalde eta Ambrosio Bergaretxe apaizek zuzenduta.
Konpontze lanak
23 urte pasa dira, beraz, Santikurtz ermita azkenekoz konpondu zenetik. Azken urte hauetan, baina, ermitaren egoerak okerrera egin du eta konpondu beharrean dago berriz. Horregatik, eta orain dela 23 urte egin zuten moduan, orain ere auzolanean konpondu nahi dute Santikurtz ermita.
Maiatzeko hiru aste bukaeratan egin nahi dituzte lanok: maiatzaren 10ean eta 11n; 17an eta 18an eta 24an eta 25ean. Eguraldiak laguntzen badu, behintzat, hiru aste bukaera nahiko izango direla uste dute ermitak behar dituen konponketak egiteko.
Teilatua osorik konpondu nahi dute eta barruko eta kanpoko hormak ere bai; margotu ere egin nahi dituzte ermitako hormak. Hortaz, lan ugari dago egiteko. Hori horrela, herritar talde batek eta Aramaioko Udalak deialdia egin diete aramaioarrei ermitaren konpontze lanetan laguntzeko.
Traktore beharra
Lanak egiteko jendea eta traktoreak beharko dituztela azaldu du auzolan hori antolatzen diharduen herritar taldeak. Izan ere, materiala eta tresneria pagadiraino eraman beharko dituzte traktoreetan. Handik, gero, ermitara eskuz eramango dituzte materialok.
Hori horrela, garrantzitsua da aurrez jakitea zenbat pertsonak jardungo duten auzolanean. Horrela, zenbat traktore izango dituzten jakiteko, eta lanak eta materialak hobeto antolatzeko. Konpontze lanak egiten laguntzeko prest dauden aramaioarrek izena eman beharko dute maiatzaren 4a baino lehen; euren auzoko alkateari esanez edo udaletxera joanda.
Antolatzaileek azpimarratu dute, izena ematean, garrantzitsua dela traktorerik daukaten argitzea. Aste bukaera guztietan parte hartzerik ez dutenek, bestetik, zehaztu egin beharko dute zein egunetan lagunduko duten Santikurtz ermita konpontzen.