Sagardozaleen Elkarteko kideek makina berriak erosi dituzte

Arritxu Barruso 2007ko aza. 8a, 17:15
Udalak eskainitako lokal batean jarri dituzte makinak eta hasi dira dagoeneko zukua ateratzen. Dena dela, etorkizunean lokal handiago bat lortzea da asmoa sagardoaz gain beste produktu batzuk ere ekoizteko.

Aramaioko Sagardogileen Elkarteko kideak ilusioz beteta aurkitu ditugu lanean. Urtero moduan, hasi dira batutako sagarren zukua ateratzen. Aurten, baina, aurreko urteetan baino dezente samurrago egiten dihardute lan hori. Sagardoa ekoizteko makina berriak ekarri dituzte-eta. Hiru makina erosi dituzte; matxakadorea, prentsa eta zukuak pasteurizatzeko makina. "Lehen, egunetan egiten genuen lana, orain, ordu gutxi batzuetan egiten dugu eta neke askoz gutxiagorekin, gainera" azaldu du Juan Antonio Aretxaga Sagardozaleen Elkarteko kideak. Sagarren zukua aterata, baserritar bakoitzak bere baserrian egingo du hartzidura prozesua. Oraindik ez dira sagardoa egiten hasi, orain arte ateratako zukua zuku pasteurizatuak egiteko erabili dute. Aste batzuk barru hasiko dira sagardoa kupeletan sartzen.

Diru laguntzak

Makinak euren poltsikotik ordaindu behar izan dituzte. Eusko Jaurlaritzatik diru laguntzak emango dizkiela esan diete, baina kopurua ez dute zehaztu. Diputaziotik, berriz, ezezkoa jaso dute. Dena dela, Aldunditik diru laguntzak jasotzeko borrokan jarraituko dutela azaldu du Aretxagak.

Asmo handiko proiektua

Makina berriak, baina, asmo handiko proiektu baten hasiera besterik ez dira. Egun Udalak utzitako lokal batean dihardute lanean. Etorkizunean toki handiago bat lortu nahi dute eta makina gehiago erosi produktu gehiago ekoizteko. Gainera museo moduko bat egitea litzateke asmoa, lokal berriaren ondoan barietate guztietako sagarrak landatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak