Plan Orokorra ondo zehaztu nahi dute eta atzeratu egingo da apur bat

Arritxu Barruso 2008ko mai. 9a, 15:18
Herritarrei Plan Orokorraren nondik norakoak azaltzen aritu da Udala azken hilabete hauetan. Uste zutena baino traba gehiago aurkitu dituzte administrazioekin eta plana ondo zehaztu nahi dute aurkeztu aurretik

Joan zen agintaldiko udalbatzak Plan Orokorraren aurreproiektua eginda zeukan arren, udalbatza berriak hura bertan behera utzi eta berria lantzea erabaki zuen. Aurreproiektua bukatu dutenean, herritarrei euren planen berri eman diete. Azken hilabete hauetan auzoz auzo aurkeztu dute plana eta herriko elkarte eta sentsibilitate desberdinetako pertsonekin bildu dira.
Asier Agirre alkateak azaldu du denetariko iritzi eta balorazioak jaso dituztela eta horiei erantzuna ematen saiatu behar direla orain.

Herritarren kezkak

Aramaion zaharren egoitza baten beharra izan da herritarren kezka nagusietako bat. Baita emergentzietarako gune baten beharra ere. Izan ere, zerbait gertatuz gero Oñati edo Gasteizko suhiltzaileak joan behar dute Aramaiora eta bidean denbora asko galtzen da. Industrialde bat ere eskatzen dute herritarrek, herriko enpresak bilduko dituena.

Etxebizitzei dagokienean, babes ofizialeko edo etxebizitza tasatuak egiteko beharra azaldu dute aramaioarrek. Auzoetan bizi direnek, berriz, euren seme-alabek auzoan etxebizitzak eraiki ahal izateko aukerak eskatu dituzte.

Kezka horiei guztiei erantzuna eman nahi die Udalak lantzen ari diren Plan Orokorrean. "Plan Orokorra oso garrantzitsua da guretako. Horrek zehaztuko du-eta hemendik 10 urtera nolakoa izango den Aramaio, eta hori gauza serioa da. Horregatik, ondo egin nahi dugu gure lana, horrek planaren aurkezpena atzeratzea badakar ere" azaldu du Agirre alkateak. Plana aurkeztean eragozpenik egon ez dadin ahalik eta gehien zehaztu nahi dute guztia.

Trabak eta oztopoak

Baina hori ez da planaren aurkezpena atzeratzearen arrazoi bakarra. Alkateak azaldu du plana lantzerako orduan uste zutena baino traba eta oztopo gehiago aurkitzen ari direla eta horrek ere eurak finkatutako egutegian atzerapenak eragin dituela.
Traba horiei aurre egiteko gogor ari direla lanean azaldu du alkateak. Diputazioarekin eta Plan Orokorra lantzen ari den Stoa enpresarekin beharrezkoak diren tramite guztiak lantzen ari direla adierazi du Asier Agirrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak