Aramaioko udalerriko hirigintzako Plan Orokorrari hasierako onarpena eman zion udalbatzak joan den urriaren 8an. Orain, alegazioak aurkezteko epea hasiko da; hain zuzen ere, 45 eguneko epean jendaurrean egongo da ikusgai eta alegazioak aurkezteko azken eguna abenduaren 13a izango da.
Aurretik, baina, Plan Orokorraren dokumentuari buruzko azalpenak emateko informazio bilera deitu du Udalak. Bihar, eguaztena, izango da bilera, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 18:00etan. Udaleko ordezkariekin batera izango dira Plan Orokorra idatzi dutenak eta txosten juridikoa eta teknikoa egin dituzten teknikariak. Edozelan ere, gai horrekin interesatutako guztiei parte hartzeko dei egin die Udalak.
Udalaren webgunean Plan Orokorraren dokumentua eskuragarri jarriko dutela agindu dute Udaleko ordezkariek. Beraz, bertara jo dezakezue informazio gehiago eskuratzeko.