Patxi Uribarrenen sarrera ekitaldia egubakoitzean

Edu Mendibil 2010ko mai. 25a, 13:18
Patxi Uribarren aramaioar euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia izango da egubakoitzean, hilaren 28an, Ibarrako San Martin elizan. Hain zuzen ere, 'Zirelako gara, garelako izango dira' izenburuko hitzaldia egingo du Uribarrenek. Erantzuna, berriz, Jose Luis Lizundiak emango dio, 'Ganbarruetatik Araba euskaldunera' izenburuko hitzaldiarekin.

Ekitaldia 18:00etan hasiko da eta Patxi Uribarrenekin batera hantxe izango dira, besteak beste, Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidentea eta Asier Agirre alkatea. Agirreren ongi-etorriaren ondoren, Andres Urrutiak hartuko du hitza eta jarraian Patxi Uribarrenen txanda izango da.

Patxi Uribarrenen omenezko ekitaldia aprobetxatuz, Euskaltzaindiak hileroko batzar nagusia egingo du egunean bertan, goizean, Aramaioko udaletxean. Era berean, Euskaltzaindiak erakusketa berezia prestatu du Sastiñako ermitan: Euskaltzaindiaren historia laburra eta Patxi Uribarrenek argitaratutako lanak daude ikusgai.

Patxi Uribarren Aramaioko Etxaguen auzoan jaiotakoa da; nahiz eta bere bizitzaren zati handi bat herritik kanpo igaro duen, betidanik izan du lotura oso estua Aramaiorekin. Sarri etortzen da jaioterrira, familia bertan dauka-eta. Hain zuzen, horixe izan da sarrera-hitzaldia Aramaion egitea aukeratzeko arrazoi nagusia.

Herritarrei gonbidapena

Udalak ere hartu du parte ekitaldiaren antolakuntzan: herriko txistulariek, dantzariek, trikitilariek eta Bizente Goikoetxea abesbatzak hartuko dute parte, besteak beste. Egubakoitzeko ekitaldira 200 lagundik gora gonbidatu dituzte, baina ekitaldia irekia da; interesa duen edonor joan daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak