Parte hartzaileak, bi taldetan banatuta aritu ziren; nagusien taldean, zazpi neska-mutiko aritu ziren. Horiek, 11-16 urte bitartekoak ziren. Txikienen taldean, 4-10 urte artekoak aritu ziren; guztira, 27 neska-mutiko.
Eguerdi alderako, parte hartzaile guztiak Aramaioko Bizente Goikoetxea plazara iritsi ziren. Guztiak, pozik; harrapatutako amuarrainak poltsetan batuta, nor baino nor alaiago. Harrapatutako amuarrainen pisua neurtzeko, parte hartzaileak plazan dagoen arrandegira joan ziren. Bertan, amuarrain pieza guztiak pisatu zituzten. Ondoren, antolatzaileak Oilogor elkartean bildu ziren emaitzak ikusi eta azken sailkapena egiteko. Parte hartzaile guztientzat zeuden opari eta sariak.
Pieza handienak, 1'460 kilo
Amuarrain handiena Iñigo Garciak harrapatu zuen; hain zuzen ere 1'460 kilokoa.
Sailkapena, baina, harrapatutako amuarrain guztien pisuarekin egin zuten. Nesketan, lehenengoa Maialen Diaz izan zen; zazpi amuarrain hartu zituen, guztira, 1'930 kilo. Bigarren, Maider Aldai sailkatu zen: bost amuarrain eta 1'525 kilo, eta, hirugarren Garatzi Parra. Garatzik ere bost pieza hartu zituen baina txikiagoak; denera, 1'405 kilo.
Mutiletan, lehenengoa Esteban Nuñez izan zen. Estebanek 10 amuarrain hartu zituen, denera, 3'215 kilo. Bigarrena Urko Perez izan zen; zortzi amuarrain eta 2'115 kilo, eta, hirugarrena Xabi Jauregi; zortzi amuarrain eta 2'080 kilo.
Nagusien taldean, lehenengoa Pedro Manuel izan zen; 14 amuarrain harrapatu zituen, guztira 3'945 kilo. Bigarrena Ander Lopez eta hirugarrena Iñigo Garcia. Anderrek sei amuarrain hartu zituen, 1'685 kilo guztira eta Iñigok lau; baina, pisu gehiagokoak, 2'255 kilo.
Tamaina handiko amuarrainak
Txapelketarako, egubakoitzean askatu zituzten amuarrainak Aramaioko errekan; guztira, 80 bat kilo, Santikurutze-Kanpezuko arrain-haztegitik ekarritakoak. Gainera, amuarrain handiak izan ziren; hala, harrapatutako handienak 1'460 kilo izan zituen.
Parte hartzaile denek izan zuten saritxoa zapatuan Aramaion. Garaikurrak eta arrantzarako materiala zegoen aukeran; hau da, irabazleak sari guztien artean nahi zuena aukeratzeko posibilitatea izan zuen, guztien artean, han zeuden sariak amaitu arte.