Osasun etxetik Udalari eskatu diote margotze lanak eta berrikuntzak egitea. Hori horrela, Udala epe laburrera osasun etxekoekin bilduko da, hauek dituzten eskaerak entzun eta bertako egoera aztertzeko. Herrian pediatra baten beharra ere ikusten du Udalak. Horregaitik, Osakidetzarekin harremanetan ipini gura dute Aramaioko osasun zerbitzuen azterketa orokor bat egiteko.
Postontziak
Osoko bilkuran onartu zuten, bestetik, Udaletxeko arkupeetan postontziak jartzea. Izan ere, herritik urrun dauden baserri batzuetan arazoak izaten dituzte posta jasotzeko. Kultura etxean dauden elkarte bakoitzak ere postontzi bat izango du elkarte bakoitzaren posta bereizteko.
EAJk zinegotzi berria
Iñaki Nafarrate EAJko zinegotzi ohiak dimisioa aurkeztu zuenetik alderdi horrek Aramaioko Udalbatzan daukan hirugarren eserlekua hutsik egon da. Azkeneko osoko bilkuran, urriari zegokionean, esaterako, EAJko bi zinegotzi bakarrik egon ziren. Eguaztenean egindako osoko bilkuran, baina, hiru eserlekuak beteta ikusi ahal izan genituen. Juan Miguel Loiti, EAJren zerrendan laugarrenak, beteko du aurrerantzean orain arte hutsik egon den postua. Loitiren kargu-hartzea izan zen osoko bilkuraren lehenengo puntua.