Udal Gobernuaren eta oposizioaren arteko harremanaren inguruan alkateak esandakoa kritikatu du; Agirrek zioen gehiengoa izateak ez duela esan nahi "rodilloa pasatzen" ibiltzen direnik eta gaineratu zuen oposizioaren parte-hartzea handiagoa izatea nahiko luketela. Horren harira, Osinagak dio 2007ko hauteskundeen ondoren Udal Gobernuko inor ez zela berarekin harremanetan ipini, nahiz eta alkateak hori esan GOIENKARIAri denbora batera egindako adierazpenetan; hori “rodilloa pasatzeko asmoa” dela uste du Osinagak. Bestalde, EAko zinegotziak dio bere parte-hartzea Udal Gobernuko kideena “baino handiagoa” dela: “hori jakiteko, batzordeetako eta osoko bilkuretako aktak ikusi besterik ez da egin behar. Udala hiru alderdik osatzen dute Aramaion, baina erabakiak bakarrak hartzen ditu”, dio.
Plan Orokorraren egoerarekin ere kritikoa da Osinaga: “Agintaldiaren hasieran sei hilabeteko epea eman zuten Plan Orokorraren helburuak finkatzeko eta urte eta erdian itsuen makilakadak ematen ibili dira. Jendeari informazioa emateko, lehenengo norberak jakin behar du zertan ari den”. Horren harira, alkateak uztaileko elkarrizketan adierazi zuen jendeari informazioa ematea izan dela euren helburuetako bat, horrela Plan Orokorraren helburuak eta irizpideak finkatzea errazagoa dela. Aurreko Udal Gobernuak helburuak herritarrak kontuan hartu gabe finkatu zituela zioen Agirrek. Osinagaren ustez, “alkatea ez da inor beste Gobernu batek nola jokatu duen azaltzeko eta jokaera honek begi bistan uzten ditu norberaren hutsuneak”. Plan Orokorra garatzeko gainerako alderdiak kontuan ez hartzea ere kritikatu dio Osinagak alkateari. “Egia da Plan Orokorra ezin dela egunero edo urtero errepikatzen diren beste lan batzuen moduan planifikatu, baina garrantzi horretako ekintza bat burutzeko talde guztiak hasieratik kontuan hartu behar dira”, dio EAko zinegotziak.
Energia berriztagarriak ere izan zituen hizpide Asier Agirrek elkarrizketan. Osinagak uste du bertan aipatzen diren ideiak aspalditik dabiltzala Udalaren asmoetan. “Orain dela hiru edo lau urte aurrekontu batzuk egin ziren eta baita Madrilera bidali ere. Asmatutako gauzak ez dago bi aldiz asmatu beharrik”.
Krisi ekonomikoaren gainean ere galdetu zitzaion alkateari. Hark esan zuen krisiak zalantza barik Udalean eragina izango duela, proiektu asko dituztela esku artean eta dirulaguntzak lortu arren Udalak horietan guztietan diru kopuru bat ipini behar duela. EAko zinegotziak dio bertan aipatzen diren proiektu batzuk aurreko agintaldian onartutakoak direla eta “oraindik ez dela ezer berririk” egin. Andres Osinagak gaineratu du Espainiako Gobernuaren E Planaren bitartez lortutako dirua erraztasun handiarekin erabili dela, “herriaren premiak ondo aztertu eta herritarren iritzia kontuan hartu barik”.