Omenaldi beroa eskaini diote olaetarrek Maider Undari

Txomin Madina Milikua 2008ko uzt. 27a, 21:57
Auzotar askok parte hartu du bertan dantzan, abesten eta baita luntxa prestatzen ere. Olaetakoek eta Aramaioko Udaleko ordezkariek opari bana eman diote.

Olaetako auzotarrek orain arte egin duen lana eta lortutakoaren meritua errekokonozitu gura izan diote Maider Undari, eta horretarako, omenaldi xume baina era berean hunkigarria egin diote gaur auzoan bertan.

Auzoko emakumeek espreski omenaldi honetarako ikasi duten agintarien dantza dantzatu dute lehenengo, eta ondoren, ohorezko aurreskuaren txanda izan da. Elias Galarza eta Rafael Unzaluk hainbat abesti kantatu dituzte gero, eta  Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa  bertsolari aramaioarrek bertso sorta bat eskaini diote gero. Oparien txanda heldu da orduan: Olaetakoek plater bat eman diote, Aramaioko Udaleko ordezkariek berriz, bitxi bat. Ekitaldia amaitu ostean, auzotar denak luntxera gonbidatu dituzte.

Unda, hunkituta

Maider Undak berak adierazi digunez, asko hunkitu du gaurko omenaldiak, batez ere duen esanahiagatik, auzokideek eta familiakoek badakite eta lortu duena lortzeko zer nolako esfortzua egin behar izan duen. Olinpiar Jokoetan etxekoen indarra eta animoak sentituko dituela ere esan du. Aitortu du oraindik Txina aldera joateko astebete  eta entrenatzeko ordu asko geratzen zaizkionez, momentuz ez duela urduritasunik sentitzen, baina era berean gaineratu du, gogoz dagoela Jokoetako giroaz gozatzeko. Pekindik domina batekin bueltatzeko asmorik duen edo ez galdetuta, ez du zalantzarik egin: ''Ez dut urte guztian lan egin Pekinera joan eta etorri egiteko bakarrik. Beraz, ahalegin guztiak egingo ditut'' izan da bere erantzuna. Olaetarrak, badaezpada, has daitezela itzulerarako beste omenaldiren bat prestatzen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak